Intza KE Ezker Hormako esku zein pala txapelketan lehiatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 14a, 15:30

2022-2023 denboraldiko eskuz binakako neurketa.

Intza Kirol elkarteko kideek Ezker Hormako Kluben arteko Gipuzkoako txapelketa hasiko dute. Aurten berrikuntza ugari ditu taldeak Jose Felix Solano entrenatzaileak azaldu duenez. Azpimarragarriena: pala modalitatean ere lehiatuko da pilota elkartea

Eskuzko txapelketan, senior mailan bakarrik lehiatuko da. Iaz herriko elkarteak maila horretako jokalaririk ez bazuen inskribatu, aurten hiru kide izango ditu kategoria horretan lehian: Jon Pello Artetxe, Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilleta. 

Hirurek talde osatu eta 3. mailan bikotekako lehiarekin hasiko dute denboraldia etxean. Artetxek eta Urdanpilletak Eibar 1 bikotea izango dute aurrez aurre, hilaren 16an, eguerdian.

Eta Beñat Olazabal jubenila, aldiz, Hernaniko taldean entrenatu eta lehiatuko da.

Palako lehia

Modalitate berri batean ere borrokatuko da Intza aurten, pala. 

Jagoba Mendizabalek, Julen Urruzolak eta Iker Artetxek osatuko dute taldea. Alabaina, Mendizabal eta Artetxe minduta daudenez, azken momentuko fitxaketa egin dute eta Xabier Arteagak parte hartuko du txapelketan.

Loidibarren pilotalekuan jokatuko dituzte neurketak eta 3. mailan hasiko dira lehian. Lehen partida bihar, hilaren 15a, 20:00etan izango da. Arteagak eta Urruzolak Errepalako bikoteren aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Pilota eskola

Bestalde, hilaren 12an, pilota eskolako entrenamenduak hasi zituzten, Michelin kirol guneko pilotalekuan.

Eskolako gaztetxoek asteartea eta ostegunetan izango dituzte saioak, 17:30etik 19:00etara.

Intzako arduradun Solanok adierazi duenez, pilotan jokatzeko interesa duten 2010-2016 urteen artean jaiotako haurrek oraindik aukera dute izena emateko. Inskripzioa eskolako saioetako ordutegian egingo da. Azken eguna irailaren 28a izango da.