Aisialdia, hezkuntza eta kontzientziazioa dira Gaztelekuko aurtengo eskaintzaren ardatzak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 14a, 13:00

Lasarte-Oriako Udalak ezagutarazi du Gaztelekurako prestatu duen eskaintza, urritik ekainera artekoa. Eskuorri batean jaso ditu ikastaro, hitzaldi, indartze eskola, izen emate datu eta bestelakoak; datorren asteko astelehenean banatuko ditu etxez etxe, hilaren 18an.

Eskolan laguntzeko tailerra da antolatzaileek gehien bultzatu nahi duten ekimenetako bat. 12 eta 18 urte arteko ikasleei zuzenduko die, ikasgaiekin dituzten zalantzak Gaztelekura eraman (Jaizkibel plaza, 14) eta laguntzaile izango duten begiralearekin kontsultatzeko. "Xedea ez da akademia bat izatea, baizik eta ikasketetara biltzeko gune bat". Astearte eta ostegunetan aurrera eramango dute jarduera, 17:30etik 20:00etara. Saioak urriaren 3an hasiko dira. Interesa dutenek ez dute izenik eman behar, aski izango dute lehen egunean ordurako bertaratzea; hori bai, tokiak mugatuak direla azpimarratu dute.

Ikasturte honetara kurtsoen artean, hauek aipatu dituzte: bideo edizioa, fast food edo janari lasterra etxean prestatzea, altzariak zaharberritzea, magia eta DJ Sesioa. Horiek guztiak doakoak izango dira eta parte hartu nahi dutenek inskribatu egin beharko dute. Bidenabar, udaleko ordezkariek gogorarazi dute erabiltzaileek aukera dutela ideiak proposatzeko, 5+1 delako egitasmoaren bidez: herritarren batek ikastaro jakin bat aurrera eraman nahi badu, beste bost pertsonarekin elkartu eta Gaztelekua kudeatzen dutenengana jo behar du. "Eskura ditugun baliabideen arabera saiatzen gara egitasmoak aurrera eramaten", argitu dute.

Elkarlan horren adibideetako bat da BBarte izeneko ikastaroa. "Herritar talde batek proposatuta, iaz egin genuen lehen aldiz eta harrera bikaina izan du". 3 eta 9 urte arteko haurrek esperimentatu, jolastu eta askatasunez adierazteko gaitasuna eskuratzea da xedea, arte diziplina eta emozioak landu bitartean. 3-4 edo 5-6 urteetako taldeetan daudenek 41,25 euro ordaindu behar dituzte erroldatuta badaude, eta 275 euro erroldatuta ez badaude. 7-9 multzokoek, berriz, 24,75 euro edo 165 euro. 

Musika entseatzeko gelak

Ikasturte honetarako eskaintza aletzeaz gain, udal ordezkariek gogorarazi dute herriko musika taldeek aukera dutela Gaztelekuko bi entsegu gelak erabiltzeko, baldin eta kideak erroldatuta badaude. Interesa dutenek izena eman dezakete dagoeneko, hau guztia zehaztuta: pertsona kopurua, adina (gazteek lehentasuna dutelako), taldearen izena eta entseatzeko egunak eta orduak. Horren harira, hilaren 26an bilera bat egingo dute eskatzaile guztiekin, guztien artean egutegi amankomun bat adosteko.

Gaztelekuko eskaintza
Jarduera Izena emateko azken eguna Saioak, zein egunetan? Ordutegia Prezioa Datak
Eskola laguntza Ez dute izena eman behar Astearte eta ostegunetan 17:30-20:00 Doan Urriak 3tik ekainaren 20ra
Bideo edizioak Urriak 3 Ostegun eta ostiraletan 17:30-20:00 Doan Urriak 13tik urriaren 27ra
Tatuaje diseinua Urriak 27 Ostirala 18:00-20:00 Doan Azaroaren 3tik 24ra
Janari lasterra etxean Urtarrilak 12 Ostegun eta ostiraletan 18:00-20:00 Doan Urtarrilaren 18tik 26ra
Altzariak zaharberritu Urtarrilak 26 Ostirala 17:30-20:00 Doan Otsailaren 2tik 23ra
Magia Martxoak 1 Ostirala 18:00-20:00 Doan Martxoaren 8tik 22ra
BBarte (3-4) Apirilak 29 Astelehen eta asteazkenetan 17:30-18:30 41, 25 euro erroldatuek, 275 euro ez erroldatuek Maiatzaren 6tik ekainaren 5era
BBarte (5-6) Apirilak 29 Astearte eta ostegunetan 17:30etik 18:30era 41,25 euro erroldatuek, 275 euro ez erroldatuek Maiatzaren 7tik ekainaren 6ra
BBarte (7-9) Apirilak 29 Astelehen eta asteazkenetan 18:45-19:45 24,75 euro erroldatuek, 165 euro ez erroldatuek Maiatzaren 6tik ekainaren 5era
DJ Sesioa Abenduak 8 Ostirala 18:00-20:00 Doan Abenduak 15
Drogei buruzko hitzaldia Martxoak 29 Ostirala 17:30-20:00 Doan Apirilak 5
Internet eta sare sozialei buruzko hitzaldia Apirilak 12 Ostirala 17:30-20:00 Doan Apirilak 19
Kontuan izan beharrekoak

Izena ematerako orduan...

• Aurrez aurre egitekotan, Manuel Lekuona Kultur Etxera joan behar dute herritarrek, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara.

• Telematikoki egin nahi izanez gero, udaletxeko erregistro elektronikoa erabili beharko dute, etxean jasoko duten eskuorriko QR kodea eskaneatuta.

• Jardueretako tokiak mugatuak dira, eta gehieneko partaideen kopuruen irizpideak erabiliko dituzte erabakiak hartzeko. Toki baino inskripzio gehiago egonez gero, zozketak egingo dituzte.

• Egitasmoak aurrera eramateko ezinbestekoa da parte hartzaileen kopuru minimo batera iristea.