Eskola kiroleko izena ematea berriro ireki da irailaren 17ra arte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 14a, 11:45

Ttakun Kultur Elkarteak eta Landaberri zein Sasoeta-Zumuburu ikastetxeko guraso elkarteak antolatzen duten Eskola Kirola egitasmoa urriaren 2an hasiko da

Eragileak lanean ari dira guztia prest izateko. Ekainean lehen izena ematea ireki bazuten ere, inskribatu ez diren haurrek parte hartzeko aukera berria dute. Inskripzio berriak guraso elkarteek familiei bidalitako estekaren bidez egin behar dira; hilaren 17ra arte jasoko dira izenak.

Adin ezberdinetara moldatutako kirol jarduerak eskaintzen ditu egitasmoak. LH1- LH2 mailakoek Jolas hezi programa dute; LH3-4 mailakoek Multikirola eta LH5-6 mailakoek, aldiz, Kirol anitzak.

Izena emate epea itxi eta hurrengo egunetan (hilaren 18an edo 19an), antolatzaileek famili guztiei egokitutako eguna, tokia, ordua eta xehetasun gehiago jakinaraziko dizkiete mezu elektroniko bidez.