"Asko hazi da Erdi Aroko Xacobeo Azoka herri honetan; garai batean Hondarribiakoak zuena bezainbesteko ospea du, kanpotik jende asko etortzen baita ikustera; gero eta gehiago". Pedro Carrascoren hitzak dira, feria berezi horren antolatzailearenak. Prentsaurrekoa eman du Agustin Valdivia alkate, udaleko Kultura sailburu Anne Ugarteburu eta Kultura saileko teknikari Juantxi Ugarterekin batera, asteburuko ekimen horri buruzko nondik norakoak emateko.
Zazpi urte daramatzate azoka hori aurrera eramaten eta herritarren agendetan ohiko hitzordu bilakatu da. Edonola ere, urtero saiatzen dira antolatzaileak egitarauari buelta bat ematen eta berritzen. Carrascoren hitzetan, aurtengo arretagune nagusia izango da Erdi Aroko gerlariek nola borrokatzen zuten ikusteko erakusketa, Okendo plazan jarriko dutena; garai horretako munduko txapelketa bat nolakoa zen irudikatuko dute. Bihar eta etzi pase bana egingo dituzte, 13:30ean eta 19:00etan. Horrez gain, makina bat ikuskizun eta tailer gehiago eskainiko dituzte, hala nola, artisautza eta idazketarena.
Esan bezala, erdigunea hartuko du azokak, Okendo batetik eta Kale Nagusi osoa bestetik, pandemiara arte izan zuen espazioa berreskuratuta. Horren harira, alkateak azaldu du trafikoa bihar goizeko 09:00etan itxiko dutela eta hilaren 18an berrireki, 01:00etan.
Goizetik, iluntzera
Xacobeo azoka bihar arratsaldean zabalduko dute, 17:30ean. Lehen aipatutako ikuskizun eta tailerrez gain, herritarrek nahi adina postu (112, zehazki) izango dituzte eskura, jakiak eta bestelako produktuak erosteko. Antolatzaileek zehaztu dute 23:00etan itxiko dutela feria, eta 10:30ean ireki (bihar eta etzi).
Kontrolpean izan dezaketen guztia zehaztuta eta aurrera eramateko prest, agerraldira bertaratu direnek zerura so egin eta eguraldi ona egitea espero dutela adierazi dute. Astebururako iragarpena nahiko ona izanagatik, ezin %100ean fidatu, informazioa eskuratzeko Erdi Aroan baino askoz baliabide gehiago izanda ere.