Zaldi lasterketen denboraldia itxi da Hipodromoan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 13a, 15:45

Tena-Gaheris, bigarren sariko irabazleak zalditegiko kideekin. Arg.: Isaac Farre Rico

Donostiako Sari Nagusia jokatzearekin batera udako denboraldia amaitu da Hipodromoan. Hilaren 10ean, zaldien zaletuek 2023 urteko azken lasterketetaz gozatu zuten

Eguna ongi hasi zuen gerora sari nagusia eskuratuko zuen Vaclav Janacek jockeyak, El Sokhnarekin barruko erraila hartu eta nagusi izan zen Kirol txartela sarian.

Espainiako Amateurren Kopa izan zen bigarren lasterketa. Claudia Tena-Gaheris bikoak Alvaro Sainz eta One More Nightekin zuen borroka zuzengunean erabaki zuen; Tenak ere makil ondoko eremua aukeratu zuen garaipena erdiesteko. 

Eguneko hirugarren sarian, Donostiako Sustapena sarian, Mouettes zalditegiko kide Rosso Antico-Sikorova eta Dream Breath-Sanchez bikoek faboritoak gainditu zituzten azken 200 metroetan eta lehen bi postuetan igaro zuten helmuga, hurrenez hurren. 

Sari nagusiaren aurretik, Aratz Erretegia jokatu zen eta azken metroetan Nyala eta Nicolas de Julian izan ziren garaile.

Egunari amaiera emateko, Janacekek bigarren garaipena erdietsi zuen The Way of Bonnik zaldiarekin. Aurkariei alde handia atera zien helmugan.