Ostadar SKTren Kadete Ohorezkoak porrotarekin hasi du denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 13a, 13:50

Kadete Ohorezko taldea, neurketa hasi baino lehen. Arg.: Ostadar SKT.

Hasi da futbol denboraldia. Ostadar SKTko Kadete Ohorezkoa izan da lehena lehiara itzultzen. Hilaren 9an, Martuteneren aurka neurtu zituen indarrak Jagoba Mendizabalek zuzentzen duen taldeak, Donostian. Talde urdin-beltzak ez zuen neurketa ona egin eta egoera fisikoari esker etxekoek eraman zituzten lehen puntuak

Partidako lehen aukera garbiak Ostadarrenak izan ziren ere, atezainaren aurrean ez zuten zorterik izan herriko taldeko gazteek. Eta hori baliatuz, erdiraketa baten ostean, buruz egin zuen Martutenek lehen gola.

Animoak jaitsi ziren talde urdin-beltzean eta fisikoki ere, beroak ez zuen lagundu. Ondorioz, atsedenaldira iritsi baino lehen bigarrenez zulatu zuten atea donostiarrek.

Aldaketa batzuei esker, bigarren zatia indartsu hasi zuen ohorezko kadete taldeak. Alabaina, lehen zatiaren antzera, urdin-beltzek ez zituzten ongi baliatu gol aukerak. Arrisku handia hartu zuen Ostadarrek eta ondorioak izan zituen; Martutenek hirugarren gola egin zuen.

Partidari itzulia emateko ahaleginak egin nahi bazituen ere, Mendizabalek ez zuen zortea lagun izan. Aldaketa guztiak eginda bi jokalarik min hartu zuten eta bederatzi kiderekin amaitu behar izan zuen partida.

Hurrengo hitzordua Touringen aurka du Ostadarrek eta etxean hiru puntuak lortzea izango dute helburu, "denboraldia lasai hasteko".

Gainerako taldeak

Ostadarren gainerako mailak zein Texas Lasartearrako lau taldeak hurrengo bi asteetan izango dituzte ligako lehen hitzorduak. 

Hilaren 17an, esate baterako, talde urdin beltzeko Gorengo Mailako eta Ohorezko Jubenil taldeen txanda izango da.