Urrezko ferrak bilatu beharko dituzte sariak lortzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 13a, 16:42

Stock Azokaren ostean, ekimen berria abiatuko du Aterpea merkatarien elkarteak datozen egunetan: Ferraren bila. Ohi bezala, udalaren laguntzarekin prestatu du egitasmoa, eta gaur eguerdian eman dituzte horren gaineko xehetasuna, Noaoa bidaia agentzia atarian. Urre koloreko ferrak aurkitu, horiei argazkiak atera eta sare sozialetan partekatzea izango da jolasa. Erosketa bonuen zozketan sartuko dira parte hartzaileak. 

Egitasmoak hiru asteko iraupena izango du; hilaren 18an hasi eta urriaren 8an amaituko da, eta merkatarien elkarteko kideek azaldu dutenez, 50 establezimenduk parte hartuko dute horretan. Astez asteko multzokatze bat egingo dute komertzioekin; horrela, horietatik guztietatik lehen taldekoek hilaren 18tik 24ra jarriko dituzte ferrak erakusleihoetan ikusgai. Bigarrenekoek, berriz,  hilaren 25etik urriaren 1era erakutsiko dute ferra, eta, azkenik, hirugarren multzokoek urriaren 2tik 8ra. 

Gauzak horrela, ferra horiek bilatzea izango da bezeroen zereginetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, horiek aurkitzen dituztenean, argazkia atera eta sare sozialetan partekatu beharko baitute. Gainera, merkatarien sare sozial kontuaren jarraitzaile izatea ezinbestekoa da, eta horrekin batera, profil hori bera eta bi lagun izendatu beharko dituzte igotako argazki bakoitzeko. Ohartarazi dute parte hartzailearen profilak irekia izan behar duela eta ez pribatua, zozketa egiten duten egunera arte gutxienez. Baldintza horiek guztiak betetzen dituztenak, erosketa txartelen zozan sartuko dira; Aterpeak 2.000 euro banatuko ditu bonuetan (500 euroko bi eta 250 euroko lau).

Lasarte-Oriako Udalak dei egin die herritarrei kanpainarekin bat egin eta egitasmoan parte hartzera. Eskerrak eman dizkio merkatarien elkarteari herriko merkataritza sustatzeko egiten duten ahaleginagatik.