Mendiko gidariek abuztuan atsedena izan duten arren, uztailaren 22an, San Cosme igoerari eta iraila hasieran Dimako probari egin zieten aurre. Bi saioetan Aitor Manso herritarra podiumera igo zen. Zehazki, sailkapen orokorreko bigarren sailkatu zen bietan eta bere mailako ( 9. klasea) garaile izan zen Jaizkibel eskuderiako gidaria.
Ibilgailua konpontzen
Lehiaketa horien aurretik arazo larri bati aurre egin behar izan zion gidari gazteak, ordea. Uztailaren erdialdean, Espainiako ligako proban motorra hautsi zuen eta ezin izan zuen Chantadako 49. igoeran parte hartu. Bere ibilgailua konpondu bitartean, Madrilgo Talex talderen eskuzabaltasunari esker lehiatu ahal izan da Manso denboraldiko bi jardunaldi horietan eta horregatik eskertua dagoela adierazi digu herriko gidariak.
Jaizkibelen bere ohiko BRC B49 ibilgailua lehiatzeko prest izango du Mansok eta eguraldiak kotxeak baino gehiago kezkatzen duela onartu du.