Donostia Arraun Lagunak-ek Kontxako bandera eskuratu du

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 12a, 12:45

Aiora Belartieta herritarra, Kontxako bandera astintzen. Arg.: Joseba Parron San Sebastian / Irutxuloko Hitza

Kiliak dantzan zeuden hilaren 10ean Donostiako Kontxako badian. Emakumezkoen mailako Ohorezko txanda zirraragarria espero zen, lau traineruak bost segundotan baino gutxiagotan zeuden. Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldia biribiltzeko ez zuen banderak ihesi egitea nahi, ordea. Eta 2021ean antzera, garaipena erdietsi zuen Lugañenek

Orio indartsu atera zen arren, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra gertu izan zituen. Egoera badia utzi eta itsasoan sartzean aldatu zen. Donostiako bi ontziek mirotzak atzean utzi zituzten eta ziabogaren bila lehen postuan zen Donostia Arraun Lagunak. Aiora Belartieta herritarrak lan ederra egin zuen puntu horretan eta bost segundoko errenta izan zuen Lugañenek.  

Bigarren luzean, borroka handia egon zen baina Donostia Arraun Lagunak erritmoari ederki eutsiz aldera ireki eta nagusitasunez gailendu zen. 10.23,32 denbora eginez, gainera, estropadako errekorra ezarri zuen. Atzetik Donostiarra sartu zen zazpi segundora eta Orio hirugarren izan zen.

Intza Fernandez eta Hondarribia Bertako Igogailuak, aldiz, lehen txandan lehiatu ziren. Kaiku eta Hibaikarekin ederki borrokatu zen Ama Guadalupekoa eta bostehun metro faltan, Hondarribiak aurre hartuz, bosgarren postua (10.55,48) eskuratu zuen.

Adegi saria

Ez da bandera Donostia Arraun Lagunakek eraman duen aintzatespen bakarra izan. Eguneko ospakizunen artean, Eneko Goia alkateak eta udal korporazioak Parte Zaharreko Plaza Berriko udaletxe zaharrean egin zieten harrera eta balkoira atera ziren kideak euren jarraitzaileei garaipena eskaintzeko.   

Kontxako Banderako lehen traineru gipuzkoarra izateagatik, gainera, Kultura Berriaren Adegi saria jaso dute Lugañeneko kideek; Mutilen mailan Hondarribiak jaso du. Hilaren 11n, banatu zen saria Donostiako udaletxean.

Michelin-Lasarteren bigarren bandera

Urteurren berezia betetzen zen igandean, gainera. 1973. urtean, Michelin-Lasarte ontziko kideak nagusi izan ziren eta  bigarrenez eskuratu zuten bandera –  lehen bandera, 1969 urtean irabazi zuen ontziak – Antonio Oliden patroi zuela. Duela 50 urteren antzera, lasarteoriatar batek Kontxako bandera dantzan jarri du. Bitxikeriak bitxikeri, Belartietak ere bigarrenez eskuratu du garaikurra. 

Sailkapen orokorra 
(bi asteburuak batuta):

1. Donostia Arraun Lagunak: 21.01,14

2. Donostiarra: 21.10,50 (+09,36)

3. Orio: 21.19,22 (+18,08)

4. Tolosaldea: 21.22,14 (+21,00)

5. Hondarribia: 21.54,80 (+53,66)

6. Hibaika: 21.55,88 (+54,74)

7. Zumaia: 22.07,10 (+01.05,96)

8. Kaiku: 22.15,16 (+01.14,02)