Prest daude Adinekoen Omenaldi Astea ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 12a, 09:40

Urtero legez, aurten ere aitortza jasoko dute Lasarte-Oriako adinekoek. Euren omenezko astea ospatuko dute urriaren 1etik 8ra; askotariko jardueraz betetako egitaraua prestatu dute horretarako

Ekintza sorta ederra prestatu du Biyak Bat zaharren egoitzak, udalarekin elkarlanean, eta horren berri eman dute egunotan, prentsaurrean. Ohi bezala, eta ospakizun asteari hasiera emateko, bandera igoera egingo dute. Urriaren 1ean izango da hori, 11:30ean, Biyak Bat egoitzan.

Horren ostean, eguerdian meza iragarri dute; San Pedro elizan bilduko dira fededunak. Ondoren, kalejiran abiatuko dira kultur etxera, eta han, 13:15ean, umorezko ikuskizun batez gozatu dute. Lehen egunari amaiera emateko, bazkaria egingo dute (14:00etan), eta dantzaldia gero, Ibai Berriak taldearekin. Michelin kirol gunean izango dira bi hitzordu horiek, eta otordurako, txartelak erosi behar direla ohartarazi dute antolatzaileek. Horiek zahar egoitzan erosi beharko dituzte interesdunek. Hilaren 13an jarriko dituzte salgai, eta 21era arte izango da horiek eskuratzeko aukera, 10:30etik 12:30era. 10 euroren balio dute. Ohartarazi dute plazak mugatuak direla. 

Urriaren 4ean, berriz, bingoa egingo dute. 18:00etan izango da eta Biyak Bat egoitzan. Txapelketa amaituta, sari banaketa iragarri dute. 20:00etan izango da hori, leku berean. 

Duo Imperial musika taldearen txanda izango da urriaren 5ean. Kultur etxean emango du kontzertua, 19:30ean eta  gorputzak astintzeko aitzakia ederra izango dute nagusiek.

Urriaren 6an, berriz, hiru jarduera aurrera eramango dituztela iragarri dute. 11:00etan izango da lehen: Ondo ibili. Okendo plazatik abiatuko direla ere zehaztu dute. Ordubete beranduago irtengo da bigarren martxa; Antonio Mercero gunetik abiatuko da hori. Amaiatzeko, bideo foruma egingo dute jubilatuen etxean 17:00etan. 

Urriaren 7an IX. Ibilaldi neurtua egingo dute: Okendo plazatik abiatu eta herrian barrena ibiliko dira parte hartzaileak. Gurutze Gorriaren eta Ostadar SKTren kolaborazioa izango dute ekimen hori aurrera eramateko. 

Azken eguna, berriz, urriaren 8a urrezko ezteiak egiten dituztenen eguna izango da. Kalejira batekin hasiko dute eguna 10:40ean; Biyak Bat egoitzan hasi eta erdigunerantz hartuko dute bidea. 11:00etan elizkizuna izango dute Brigitarren komentuan, eta eguerdian, oparitxoak banatuko dizkiete. Bazkaria izango dute gero, Herriko Etxean. 

Atsobakar egoitzan

Zahar egoitzako egoiliarrek ere ospatuko dute Adinekoen Omenezko Astea. Oraindik data zehazteko dagoen arren, antolatzaileek jakinarazi dute Mexikoko abestiak kantatzen dituen talde baten emanaldiaz gozatu ahal izango dutela.