Gaizka Ormazabal: "Urtean zehar momentu askotan gozatzeko aukera izan dut"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 13:00

Hibaika, Mutrikuko banderan lehian. Arg.: @daninovasphoto

Gaizka Ormazabal Hibaikako arraunlaria

KAE 2 Ligan lehiatu da Gaizka Ormazabal herritarra. Maila igoera buruan izan arren, denboraldi gorabeheratsua izan dute eta bosgarren postuan amaitu dute lehia

Denboraldi berezia izanda aurtengoa Gaizka Ormazabalentzat (Lasarte-Oria, 1992). Lau urtez – hiru urte Hibaikan eta bat Sanpedrotarran –KAE 2 ligan lehian egon ostean, arrauna utziko du. Aurten Ligako bosgarren postuan sailkatu da kide izan duen Hibaika trainerua. Denboraldia amaitzeko Kontxako sailkapenean parte hartu zuen Errenteriako ontziak; ez zuen txartela eskuratu.

Denboraldi hasiko helburua bete duzue? Gorago egotea espero zenuten?

Neguan izandako estropaden emaitza ikusita taldearen helburua KAE 1 mailako igoerako postu bat lortzea zen. Azkenean bosgarren izan garenez, ez dugu urteko helburua bete.

Orio izan da nagusi zuen mailan. Donostiarra eta Portugalete izan dira jarraian. Bi horiek izan dira zuen aurkari zuzenak?

Orio oso nagusi izan da hasieratik bukaerara eta merezitako igoera lortu dute KAE 1 ligara. Portugaleteko banderaren ostean, Portugalete eta Donostiarrak ikaragarri egin zuten gora eta gu Astillerorekin batera atzera.

Liga hasieran, Mutrikun eta Donostian hirugarren postua eskuratu zenuten. Aurreikuspen onak zenituzten orduan?

Bai. Ligako lehenengo bi estropadetan hirugarren postua lortu eta jarritako helburu hori posible zela pentsatu genuen. Orion eta Portugaleten ez genuen emaitza onik izan, ordea eta sailkapenean atzera joan ginen. 

Bi estropada horietan bosgarren izan zineten eta Ondarroan seigarren. Horrek eragin handia izan du azken emaitzan?

Bai, hori da. Txanden arteko baldintzak (olatuak, mareak, eguraldia...) zertxobait aldatu ziren jardunaldi batzuetan eta horrek ere eragina izan zuela pentsatzen dut.

Kontxako Banderako sailkapen proban parte hartu zenuten eta ezin izan zenuten aurrera egin. Espero zenuten?

Gure kasuan egun berezi honetaz gozatzea eta ahalik eta lan txukunena egitea dugu helburu; inongo presiorik gabe.

Aurtengoa azken denboraldia izan da zuretzat. Nola bizi izan duzu?

Bai, berezia izan da. Neguan taldeak oso ondo egin zuen lan eta emaitzak onak izan ziren. Denboraldia aurrera joan ahala eta emaitzak esperotakoak ez izatean frustrazio puntu bat izan dut. Hala ere, urtean zehar momentu askotan gozatzeko aukera izan dut.

KAE 2 LIGA
  • Postua:
  • Puntuak: 37
  • Banderak: 0
  • Postu onena:
  • Postu txarrena: