Intza Fernandez: "Zortzi traineru egoteak aurten lasaitasun gehiago eman digu"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 13:00

Hondarribia, denboraldiko jardunaldi batean lehian. Arg.: Euskotren Liga/Aitor Arrizabalaga

Intza Fernandez Hondarribia Bertako Igogailuak-eko arraunlaria

Euskotren Ligako bosgarren postua eskuratu du Ama Guadalupeko ontziak. Ohorezko txandako traineruetatik gertu ibili da eta Santurtzin txanda horretan lehiatu da

Intza Fernandez (Lasarte-Oria, 1996) Hondarribia Bertako Igogailuak ontziko eskifaian lehiatu da. Euskotren Ligako ohorezko txandako ontzietik gertu ibili arren, bosgarren sailkatu dira berdeak. Kontxako Banderarako ere sailkatu dira.

Euskotren Liga bosgarren postuan amaitu eta jaitsiera saihestu duzue. Helburua bete al duzue?

Bai, pozik gaude. Hasiera batean hori zen gure helburua: bosgarren postua lortu eta laugarrena lehiatzen saiatzea. Eta hori bete dugu. Hala ere, pertsonalki, ez dugu denboraldi onegia izan eta atzera pauso bat egin dugula uste dut. Izan ere, orain arte lau eskifaia ziren Euskotren Ligan.

Aipatu legez, aurten lehenengoz zortzi traineru egon zarete ligan. Lehiakortasuna handiagoa izan da?

Zortzi traineru egoteak aurten lasaitasun gehiago eman digu; laugarren postuaren ordez seigarrena saihestu behar zelako. Baina ez zait iruditzen lehiakortasun handiagorik zegoenik. Galiziako traineruek ez dute maila handiegirik eman. Beraz, ez zegoen aukera handiegirik postuen artean mugitzeko.

Ligan zehar, Cabo da Cruz, Tiran eta Hibaikarekin lehiatu zarete lehen txandan. Zein zen zuen arerio zuzenena?

Egia esan, bigarren txandako traineruetatik gertuago egon garela uste dut; bukaeran, Hibaika hurbildu zitzaigun. Baina denboraldi osoan gora begira egon gara. 

Eta horrela, Ohorezko txandan egotea lortu zenuten Santurtzin. Horrek indarrak eman al dizkizue?

Bai, gure helburuetako bat hor sartzea zelako. Gure estropadarik onena izan zen. Baina ez gaude guztiz pozik; estropada askotan laugarren postutik ehunekotara geratu gara eta horrek amorrua ematen digu.

Estropada eremu berrietan egin duzue arraun aurten. Horrek ere lehia zailtzen du?

Bai, aurten Boiro eta Moañan (Galizia) izan ditugu. Ez genuen eremua ezagutzen eta esperientzia falta horrek beti zailtzen du.

Gaur egunera etorrita, Kontxako Banderako lehen jardunaldian Tolosaldeak eman du ezustekoa. Zer irakurketa egiten duzue lehen jardunaldi horretakoa? Eta bigarrenari begira, zein da aurreikuspena?

Tolosak aurten behin baino gehiagotan eman du maila ona eta irabaztetik gertu ibili da. Hala ere, lau traineruak daude oso gertu. Tolosak berriro lan ona egiten badu eraman dezake bandera, baina oso zaila dago. Ezin dut aurreikusi zer pasako den, baina, ezustekoz irabaziko balu, poztuko nintzateke.

EUSKOTREN LIGA
  • Postua:
  • Puntuak: 54
  • Banderak: 0
  • Postu onena:
  • Postu txarrena: