Aiora Belartieta: "Ilusio handia egin digu hain lehiakorra izan den liga hau irabazteak"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 13:00

Belartieta (bigarren eskuinetik), Euskotren Ligako garaikurra jasotzen. Arg.: Euskotren Liga/ Aitor Arrizabalaga

Aiora Belartieta Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlaria

Herritarrak Euskotren Liga eskuratu du bigarrenez Donostia Arraun Lagunakeko tostan. Duela bi urteren antzera, Kontxako bandera irabaztea ere helburu dute

Aiora Belartieta (Lasarte-Oria, 2002) Lugañeneko brankan lehiatu da aurten. Euskotren Liga osoan erregularrena izan da Donostiako ontzia eta horrek merezitako saria izan du: liga irabazi dute.

Pozik al zaudete egindako lanarekin eta emaitzekin? 

Bai, oso pozik gaude. Urte osoan zehar landu duguna erakusteko aukera izan degulako. Ilusio handia egin digu hain lehiakorra izan den liga hau irabazteak.

Postu berri batean izan zara lehian, brankan. Zer moduz moldatu zara? Ziabogetan erantzukizun handia izan duzu, zer moduzko esperientzia izan da?

Bai, aurten postu horretan joan naiz estropada guztietan. Aurretik ere bertan ibilitakoa naiz, baina aurten konfiantza osoa hartu dut. Hala ere, Lekeition itsasoa oso mugitua eta olatu handiak zeuden, beraz ziaboga egiteko posiziora heltzera kostatu zitzaidan. Momentuan oso gaizki pasa nuen.

Denboraldiaurrean Orio eta Donostiarrarekin borroka handia izan zenuten eta ligan ere horrela izan da.  Nola ikusi dituzue aurkariak?

Indar handia duten bi traineru direla ikusi dugu denboraldian zehar; garaipenak banatuak izan dira gure artean. Tolosaldea ere oso ondo ibili da eta hainbat estropadetan bandera lortzeko borrokan egon da. Kasta eta ilusio handia dutela erakutsi dute.

Aurten gainera lehenengoz zortzi traineru egon zarete ligan. Lehiakortasuna handiagoa izan da? 

Lehia egon da, garaia zen emakumeen lehen ligan zortzi traineru egoteko. Borroka nabarmena lehen lauen artean egon arren, gerora begira emakumeen liga sendotzeko eta lehia estuagoa izateko bidea ireki zaigu. Hala ere, oraindik asko dago egiteko eta borrokatzeko.

Liga garaipenarekin hasi eta amaitu zenuten. Lidergoan mantentzeko borrokatu behar izan duzue...

Bai, horrela da. Denboraldi osoan zehar liderrak izan gara. Beraz, hasiera batetik hori lortuta, mantentzea izan da gure helburua astebururo. Pixkanaka-pixkanaka puntuak lortzen joan gara eta erakutsi dugun erregulartasunarengatik puntuen diferentzia handiagoa izan da. Burua hotz mantentzeak asko lagundu digu bide honetan.

Zein izan da banderarik bereziena? Zarauzkoa agian?

Bai, Zarauzko ikurrina izan da bereziena niretzat. Kosta egiten da hura irabaztea bi jaurdunaldietara eta azken asteburua izaten delako. Aurten gurea zela esan genuen hasieratik eta konfiantza osoarekin atera ginen. Horrez gain, A Coruñako bandera irabazteak ere ilusio handia egin zidan azken urte hauetan zaila egiten zitzaigulako bertan irabaztea.

Ligako helburua bete duzue eta denboraldia biribiltzeko ederra izango litzateke Kontxako Bandera irabaztea, ezta? Lehen jardunaldian Tolosaldeak eman du ezustekoa.

Bai, orain arte sekulako lana egin dugu baina Kontxako Bandera gosez gara. Denboraldi osoan zehar Tolosaldeak horrelako ezustekoak eman ditu eta bagenekien gai izango zirela. Lau segundotan lau traineru gaude eta horrek zeresan handia du emakumezkoen lehian. Beraz, argi dago edozeinek irabazteko aukera izango duela. Gu dena ematera aterako gara, irabaztera. Gauzak ondo eta lasaitasun puntu batekin egiten baditugu badakigu irabazteko aukera handiak ditugula.

EUSKOTREN LIGA
  • Postua:
  • Puntuak: 95
  • Banderak: 5
  • Postu onena:
  • Postu txarrena: