GurasoLeku egitasmoa martxan jarri dute aurten ere

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 8a, 09:30

Ikasturte berria eta helburu berbera: Lasarte-Oriako haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea. Hori erdiesteko, GurasoLeku egitasmoak familiaren, eskolaren eta herriaren baliabideak eta gogoak konektatzen ditu, familia tipologia desberdinetara egokituta dauden hiru adar hauen bidez: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia. 

GurasoLekuren asmo orokorra eta kontzeptu zehatzagoak errepasatu dituzte herriko ikastetxeetako irakasleek, Antonio Mercero gunean egindako formakuntza saio batean. Ikasgela batean baleude bezala korro bat egin eta ideiak elkartrukatu dituzte Lasarte-Oriako Udaleko Euskara sailburu Jon Antxordoki eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariekin. Bilera horretan, besteak beste, zehaztu dute aipatu egitasmoan izena emateko azken eguna hilaren 29a izango dela, ostiralarekin. Eskuorriak laster jasoko dituzte, kurtso hasieran irakasleek gurasoekin egingo dituzten bilera orokorretan. Parte hartzeko interesa dutenek orduan izango dute aukera informazioa jaso eta zalantzak argitzeko; Ttakuneko kideak ere bertaratuko dira.

Oso errotuta dago egitasmoa gure herrian, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak 2015-2016 ikasturtean jarri batzuen martxan, eragile ugarirekin elkarlanean. Gaur-gaurkoz, hauek osatzen dute lan mahaia: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Muntteri AEK euskaltegia, Ttakun Kultur Elkartea eta Euskara Zerbitzuak.

Lehen esan bezala, izena emateko epea hilaren 29an amaituko da. GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia programak urrian jarriko dituzte martxan.