Mr. Sunshine eta Gelabertek Lagunilla zalditeriari saria eman zioten

Txintxarri Aldizkaria 2023ko irailaren 6a

Lagunilla zalditeriko kideak, Mr. Sunshine eta Jaime Gelabert lasterketa amaitu ostean. Arg.: Isaac Farré Rico.

Donostiako Hipodromoak Udako 107. denboraldiko azken aurreko jardunaldian eguraldia izan zen protagonistetako bat. Euri jasek eta lokatzak ez zuten Hipodromoko kide zein jockey eta zaldien jarduna eten, ordea. Eta hilaren 2an pistara hurbildu ziren zaletu amorratuek zaldien lehiaz gozatu zuten

Egun berezia izan zen gainera herriko Lagunilla zalditeriarentzat. 2022ko apiriletik ez zuen saririk lortzerik izan eta laugarren lasterketan, Real Sociedad de Carreras de Sanlúcar de Barrameda sarian garaipena erdietsi zuen. Jaime Gelabert jockeyak gidatuta Mr. Sunshine nagusi izan zen saioan.

Horrez gain, eguneko sari nagusian, Irizar sarian Eye Of Heaven-Ricardo Nicolas Valle bikoak garaipen erraza eskuratu zuen. 

Lehen lasterketan, Maimouna eta Denisa Sikorovaren eskuetara joan zen Peña Hípica Donostiarra saria. Zer esan handia eman zuen jockey gazteak jardunaldi horretan. Izan ere, Igeldo Mendiko Jolas Parkea sarian, Kerdina gidatzen eguneko bigarren garaikurra eskuratu nahi izan zuen Sikorovak. Azken metroetan buruz buruko lehia izan zuen Noozhah Sureña eta Gabriel Arguinzonekin, baina Nasser zalditegiko ordezkariek kendu zioten aukera. 

Black Type sarian ere borroka ederra izan zuten Upsilon-Jaime Gelabert eta Barenton-Václav Janácek bikoek. Azkenek haien eskarmentua erakutsiz, erdietsi zuten garaipena.

Azken eguna

Eta udako denboraldiari agur esateko ordua iritsi da. Azkeneko saioa, hilaren 10ean, igandearekin, jokatuko da, 17:30etik aurrera; lasterketen artean, Donostiako Sari Nagusia lehiatuko da.