Irail hasiera da, udako oporretan bizitakoa alde batera utzi eta errutinara itzultzeko garaia herritar askorentzat. Ikasturte hasiera samurtze aldera, egitarau oparoa prestatu dute Virgen de Guadalupe Extremadura Etxeko kideek, probintzia horretako zaindariaren omenezko jaiak ospatzeko. Etzi hasiko dira festak, hilak 7, eta igandera arte luzatu. Bitartean, adin tarte guztietako herritarrentzako ekimen ugari aurrera eramango dituzte Sasoeta auzoko Adarra kalean (egoitza bertan dute) eta Jaizkibel plazan, batez ere. Lasarte-Oriako Udalaren laguntza izan dutenez programa prestatzeko, bertako ordezkari batzuekin batera egin dute aurkezpen prentsaurrekoa.
Hezetasun gehiago dago hemen, baina gaur arratsaldeko tenperatura izan zitekeen erraz asko Extremadurako hiriburu Meridakoa, esate baterako. Elkartearen egoitza barruan freskoago zegoenez, bertan eman dute aurtengo festen nondik norakoen berri lehendakari Iñigo Garcia, lehendakariorde David Mateos, batzorde antolatzaileko kide Ainara Herrerok eta Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailburu Anne Ugarteburuk. Azken horren hitzetan, "oso erakargarria" da festetako egitaraua eta jarduera batzuk nabarmendu ditu, besteak beste, Extremadurako jantzi tradizionalen desfilea. Garciak, berriz, adierazi du edozein adinetako herritarrek parte har dezaketela ekimenetan, eta horietara bertaratzera animatu ditu. Programako jarduerak aletu aurretik, eskerrak eman dizkiete festak egiten lagundu duten erakunde, komertzio, eragile eta norbanakoei.
Egitaraua
Hilak 7, osteguna (ekimen guztiak Extremadura Etxearen egoitzan aurrera eramango dituzte)
- 17:00etan, gozogintza tailerra, haurrentzat.
- 19:00etan, bazkide eta lagunentzako luntxa.
- 20:00etan, bandera igotzea.
Hilak 8, ostirala (jarduera guztiak Adarra kalean eta inguruetan egingo dituzte)
- 18:00etan, haurrentzako jolasak.
- 18:45ean, txokolate jana.
- 19:00etan, txupinazoa, topa eta agurra.
- 19:15ean, Extremadurako jantzien desfilea.
- 19:30ean, Dinbi Banda batukada taldearen emanaldia.
- 19:45ean, Jaizkibel plazako postuarekin irekiera eta pintxo potea.
- 22:30ean, DJ Nemux-en emanaldia.
Hilak 9, larunbata
- 12:00etan, meza, Extremadura etxean. Tolosatik etorritako Flor de la Jara taldeak girotuko du elizkizuna.
- 12:30ean, Oaintxe in deu! txarangaren emanaldia, Adarra kaletik abiatuta.
- 14:30ean, paella herrikoia, Jaizkibel plazan.
- 16:00etan, futbolin txapelketa kooperatiboa, Jalgune elkarteko kideen eskutik, Jaizkibelen.
- 17:00etan, herri kirolak, Jaizkibelen.
- 17:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien kalejira, Adarra kaletik abiatuta.
- 18:00etan, karaokea, Jaizkibelen.
- 19:30ean, Paula Letiziaren bakarrizketa, Jaizkibelen.
- 21:00etan, bazkideen afaria, Extremadura Etxean.
- 23:00etan, zezensuzkoa, LOZET elkartearen eskutik, Adarra kalean eta inguruetan.
- 23:30ean, DJ AGFren emanaldia, Jaizkibelen.
Hilak 10, igandea
- 10:30ean, marrazki lehiaketa haurrentzat, 2KN kafetegian.
- 11:30ean, haurrentzako jolas eta tailerrak, Jaizkibel plazan.
- 12:00etan, ginkana, Jaizkibelen.
- 13:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien kalejira, Adarra kaletik abiatuta.
- 13:00etan, Semblante Andaluz elkarteko dantza taldeen emanaldiak: Duende, Gitanillas del Alba eta Zambra. Jaizkibelen.
- 14:30ean, herri bazkaria, Extremadura Etxean.
- 17:00etan, Brotes de Encina taldearen emanaldia, Jaizkibelen.
- 18:00etan, bolo txapelketa, 18 urtetik gorakoentzat, Jaizkibelen.
- 19:00etan, sari banaketa, Extremadura Etxean.
- 20:00etan, bandera jaistea eta festen amaiera, Extremadura Etxean.