Iganderako falta diren egunak zenbatzen ari dira zale eta arraunlariak. Ez da gutxiagorako, inoizko Kontxako Bandera parekatuena izaten ari delako aurtengoa. Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio jotzen zituzten faboritotzat adituek, eta hiru taldeek aurreikuspenak bete dituzte. Inork espero ez zuena, ordea, horiek guztiak Tolosaldearen atzetik helmugaratzea izan zen. Honela geratu zen sailkapena:
| Trainerua | Joana | Itzulia | Helmugako denbora | Diferentzia |
| Tolosaldea | 05.12 | 05.25 | 10.37,64 | |
| Arraun Lagunak | 05.12 | 05.25 | 10.37,82 | +00,18 |
| Donostiarra | 05.09 | 05.30 | 10.39,80 | +01,98 |
| Orio | 05.13 | 05.29 | 10.42,30 | +04,66 |
| Hibaika | 05.21 | 05.36 | 10.57,22 | +19,58 |
| Hondarribia | 05.23 | 05.36 | 10.59,32 | +21,68 |
| Zumaia | 05.25 | 05.39 | 11.04,86 | +27,22 |
| Kaiku | 05.25 | 05.50 | 11.15,56 | +37,92 |
Lehen txandan aritu ziren Orio, Hibaika, Zumaia eta Kaiku. Hasiera-hasieratik erakutsi zuten mirotzek gainerakoak baino indartsuagoak direla, eta ahalik eta denbora onena egiteko erlojupeko moduko bati ekin zioten, berehala hartu baitzuten beste hiru ontziekiko tarte esanguratsua. Gauzak horrela, 10.42,30eko denbora egin zuten helmugan.
Bigarrenean, berriz, Arraun Lagunak, Donostiarra, Hondarribia eta Tolosaldea jardun ziren. Etxean aritzeagatik motibatuta, Bantxa izan zen bizkorrena joanaldian, Arraun Lagunak eta Tolosaldeari hiru segundo aterata. Hondarribiak ezin izan zuen beste hiru eskifaien erritmoa jarraitu eta hamabi segundora egin zuen ziaboga. Donostiarrak zertxobait mantsotu zuen erritmoa eta hori baliatu zuten atzetik segika zituen bi traineruek. Helmugan, eguneko ezusteko handiena: Tolosaldeak egin zuen denbora onena, 10.37,64, Lugañenek baino hemezortzi ehuneko bizkorrago (lehenengoaren eta bigarrenaren arteko inoizko tarte estuena da hori Kontxako Banderaren historian). Donostiarrak ia bi segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko, eta, Oriok, ia bost segundo. Lau ontzi horietako edonork altxa dezake bandera igandean. Erabakitzeke dago dena.