Biltegiko produktuen eskaintza egingo dute Aterpeako merkatariek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 4a, 16:58

Denboraldi berriari hasiera eman aurretik, Stock Azoka iragarri du Aterpea merkatarien elkarteak. Gaur eguerdian aurkeztu dute kanpaina elkarteko kideek Imagine arropa dendan. Hilaren 7, 8 eta 9an egingo dutela iragarri dute, eta, guztira hamar establezimenduk parte hartuko dute

Hilaren 7tik 9ra herriko merkatariek Stock Azoka egingo dute. Hamar dendek parte hartuko dute ekimenean, eta biltegiko produktuak eskainiko dizkiete lasarteoriatarrei. Hauek izango dira komertzio partehartzaleak: Mabel moda, Imagine jantzi denda, Alba moda, Iturbe zapata denda, Leder oinetakoak, Urruzola mertzeria, Olmi mertzeria, Deco 75 textil hogar, Arregui elektrizitatea eta Noaoa bidaiak. 

Merkatarien elkarteko kideek azaldu dute kanpaina honen helburua honakoa dela; denboraldi berriari hasiera eman aurretik, biltegian geratutako produktuak salgai jartzea.

Aterpeako kideekin batera, Agustin Valdivia alkatea eta Soziekonimia zinegotzi Nuria Fernandez izan dira aurkezpen agerraldian, eta horiek, herritarrei dei egin diete egitasmoan parte har dezaten. Herriko merkataritza babestearen garrantzia azpimarratzeaz gain, horien lana nabarmendu dute.