Eskola materiala erosteko dirulaguntzen berri eman du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 4a, 15:57

Martxan da ikasturte berria, eta aurten ere, ohi bezala, ikasmateriala erosteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte herritarrek. Hil amaierara arte izango dute horretarako aukera 

Iraileko malda arindu asmoz, beharra duten familiei eskola materiala erosten laguntzeko dirulaguntzen berri eman du gaur eguerdian, Lasarte-Oriako Udalak, eta jakinarazi, 15.000 euroko laguntza lerro bat prestatu duela horretarako. Interesa duten herritarrek, hilaren 29ra arte egin ditzakete eskaerak, nahiz eta hori egiteko zenbait baldintza bete beharko dituzte.

Eskatzaileek jaso dezaketen ekarpena urtean ingresatzen duten diruaren araberakoa izango da: 25.000 euro edo gutxiago jasotzen dutenek, 110 euroko laguntza izango dute; 25.001 eta 33.000 euro artean ingresatzen dutenek, berriz, 90 euro izango dituzte; eta 33.001 eta 40.000 euro bitartean dabiltzanak, aldiz, 50 euro jasoko dituzte. Dirulaguntza horiek, herriko komertzioetan gastatu beharko dituztela azpimarratu dute udal ordezkariek. Agustin Valdivia alkateak eta Soziekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek eman dituzte egitasmoaren xehetasunak Copilasarten. 

Lasarte-Orian erroldatutakoentzat

Lehen edo Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloak egiten ari diren ikasleei zuzenduta dago dirulaguntza lerroa, eta eskatzaileak Lasarte-Orian erroldatuta egon behar du; ez da derrigorrez herriko ikastetxeetako ikasle izan behar. Hala nabarmendu dute udal ordezkariek. Gaineratu dute laguntzak eskatzeko erosketa tiketak aurkeztu beharko dituztela eskatzaileek, hortaz horiek gordetzeko deia ere egin dute. Argitu dute zen den dirulaguntzak barne hartzen duen erosi beharreko materiala: idazmahaiko materiala (arkatzak, boligrafoak, ezabagailuak, erregelak, koadernoak, eta abar); material ez suntsikorrak (karpetak, sailkagailuak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, eskolarako bizkarzorroa, etab.); eskolara joateko beharrezkoak diren jantziak (uniformea, betaurreko eta lentillak, heziketa fisikoa egiteko arropa eta oinetakoak); eta, eskulanetarako elementuak ( argizariak, pintatzeko olioak, pinturak eta pintzelak).