Hunkituta hitz egin du Zabaletak, udal korporazioko gainerako kideei zinegotzi karguari uko egin diola jakinarazi eta gero: "Eskerrak eman nahi dizkiet alderdi sozialistako taldekideei, bereziki alkateari, momentu asko bizi ditugulako hiru urte eta erdi hauetan". Era berean, esker hitzak izan ditu baita ere gainerako alderdietako zinegotzientzat ere, aurreko nahiz oraingo legealdikoei, bereziki, EH Bilduko Esti Garmendia eta Uxue Loinazi. Gogoeta honekin amaitu du hitzartzea: "Denbora honetan guztian ikusi dut gauza oso politak egin daitezkeela udal honetan, jarrai dezagun guztiok nahi dugun Lasarte-Oria eraikitzearen alde lanean".
2020ko otsailetik egindako lana eskertu diote Garmendiak berak eta Nuria Fernandezek (PSE-EE). Azken honek azpimarratu du gauza asko "berez direnak baino errazagoak" izan direla haientzat Zabaletaren jardunari esker. ELOP alderdiko bozeramaile Miguel Angel Tolosak, bestalde, alkateari eskatu dio uko egite horri buruzko azalpenak emateko, eta galdetu ea hori eratu berri den udal gobernuaren barruko "krisi" bat izan den.
Alkateak ezagutarazi du zinegotzi izateari utzi diola Zabaletatik aurrera, baina udaletxean lanean jarraituko duela, udaletxearen antolaketaren koordinatzaile izango dela, kabinete buru gisa. "Ez nago horren zoroa, garbi nuen ez nuela Iñigo Zabaleta bezalako pertsona eta langile bat galdu nahi".
Michelingo kiroldegiko lanak
Zabaletaren kargugabetzearen aurretik, hauxe onartu du korporazioak: Michelin kiroldegiko obrak kontratatzeko 2023t0100003 espedientearen administrazio klausula berezien pleguak aldatu eta jarduketak atzera eramatea, hamahiru aldeko botorekin.