Aintzane Usandizagaren irakurketa liburuen gomendioak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abu. 5a, 09:29

Aintzane Usandizaga Aldazabal idazle lasarteoriatarrak, honako hiru liburu hauek proposatu ditu udako sasoi honetan irakurtzeko: Irene Pujadas i Farre-ren Puskak, Isabelle Cielli eta Noemi Marsily-ren Memet, eta Pauline Pinson, Ivan Rabbiosi eta Dewi Noiry-ren Ongi etorri Kokoloara. Hiru horiek zergatik aukeratu dituen ere azaltzen du idazleak bideoan. 

Irakurlea ezagutu gabe liburu gomendioak egitea kontu zaila da Usandizagarentzat, eta ez da errazagoa udarako proposamenak egitea: "Sasoi honetan gehiago irakurtzen omen da, eta sare sozialak eta beste gomendio zerrendez bete ohi dira. Ez da bereziki nire kasua izaten, eta horretxegatik, agian, galdetzen diot neure buruari... zer motatako irakurgaiak nahi ditugu udarako? Edozein ur-bazterretan etzanda irensteko nobela biziak? Urtean zehar merezi duen arretaz irakurtzeko denbora izan ez dugun saiakera hori? Mendialdeko eskapadetan egunerokoaz ahazteko fantasia eta abenturazko istorioak? Tren geltokietan tarteka irakurtzeko moduko ipuin laburrak?".

Garbi du ezin dela guztiekin asmatu. Beraz, ikasturte honetan irakurri dituen liburuen artean bereziki harritu duten hiru aipatzea erabaki du, adin tarte desberdinetarako pentsatuak (printzipioz eta ez derrigorrez, noski!)

Hona hemen proposatutako liburu bakoitzeko idazleak prestatutako azalpena:

PUSKAK

Idazlea: Irene Pujadas i Farre
Itzultzailea: Amaia Apalauza

"Badakit ipuinak kosta egiten zaizkiela irakurle batzuei, baina liburu honetako istorio-unibertso bakoitzean sartzeko gonbitari men egiteak benetan merezi duelakoan nago. Gai itxuraz arruntak egon litezke orri hauen artean: bizitza, heriotza, harremanak, gizakion kezkak... baina erakusten zaizkigun pertsonaiak eta testuinguruak benetan dira bitxiak, egilearen begirada berezi eta propiotik eraikiak. Irakurlea etengabe zirikatu eta harrituko du liburu honek, umorea (beltz samarra) uneoro lagun.

Ipuin batetik bestera arnasa hartzeko tartea uzten baduzu – bainu bat hartzera joan, izozkia aukeratu, hurrengo ibilaldirako motxila prestatu...- ez zara damutuko". 

MEMET
Idazlea: Isabelle Cielli eta Noemi Marsily.

"Hamabi urtetik gorako irakurleeentzat gomendatzen da komiki hauxe, eta niri kontakizunean sartzeko gai den edonork gozatzeko modukoa iruditzen zait: haur gazte zein heldu. Udako kanpin oporraldi batera garamatza liburuak, irudi oso adierazkorrek kontatuko digutelarik han gertatzen dena, hitz gutxi baititu komiki honek. Halako kanpinetan gertatu ohi den moduan, hizkuntza desberdinen nahastea topatuko dugu elkarrizketetan, euskara tarteko, baina, esan bezala, irudiek euren kasa ere ederki kokatzen gaituzte kanpinaren erdi-erdian, bertako protagonista izango diren haurren abentura, zauri eta gora-beheretan". 

ONGI ETORRI KOKOLOARA
Idazleak: Pauline Pinson, Ivan Rabbiosi eta Dewi Noiry.
Itzultailea: Miren Agur Meabe.

"Komikia da honako hau ere, haur irakurleen lehen komikia izateko oso aproposa. Zortzi urtetik gorakoentzat gomendatzen da, baina esango nuke zaharragoak ere harrapatzeko moduko liburua dela. Esaldi laburrez eta irudi biziz, ur azpian bizi diren biztanle xelebre batzuen abenturak kontatuko dizkigu, irudikatu ohi ditugun sirena eder eta dotoreekin zer ikusi gutxi dutenak. Umorez betetako kontakizuna da, itsasoaren sabelean dagoen mundu dibertigarri batean murgilduko gaituena eta aldi berean lurreko gure bizimoduari umorezko keinu ugari egiten dizkiona".