Atari digitaleko trafikoa, inoiz baino handiagoa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abu. 1a, 09:00

TXINTXARRI aldizkariaren webguneko datuak neurtzen ditugunetik, inoiz baino bisita, erabiltzaile eta saio gehiago izan ditu atari digitalak 2022-2023 ikasturtean. Kurtsoko hamar eduki ikusienetatik bost sanpedroei eta Euskararen Maratoialdiari buruzkoak dira

Eskerrik asko, irakurleok. Normalean artikuluen amaierarako uzten ditugu eskertza mezuak, baina oraingo honetan bukaeratik hasi nahi dugu. Izan ere, zuen guztion konfiantzarik gabe, ezin izango genuke titularrera eraman duguna baieztatu: 2022-2023 ikasturtekoak izan dira www.txintxarri.eus atari digitaleko datu onenak, trafikoa neurtzen hasi ginenetik, duela sei urte –Google Analytics 4 izeneko tresna erabiltzen dugu horretarako–. Denbora horretan guztian izugarria izan da bisita, erabiltzaile, hasitako saio eta gainerako adierazlen bilakaera, horietako gehienak bikoiztu edo hirukoizteraino. Beraz, esan bezala, eskerrik asko.

Hasteko, ikusitako orrialdeen kopuruan jarriko dugu fokua, hau da, bisitetan. Hilaren 26ra arteko datuak eskuetan, 330.573 izan dira hilaren 27ra arteko datuak, iaz baino ia %17 gehiago (283.931). Zentzu horretan, kurtsoko hilabete oparoenak, aldeagatik gainera, aurtengo ekaina eta iazko urria izan dira: 50.888 eta 48.510 bisita jaso ditugu, hurrenez hurren. Horretan zerikusi zuzena izan dute, besteak beste, sanpedroek eta Sorgin Jaiek eta Euskararen 10. Maratoialdiak. Geroago sakonago jorratuko dugu gaia, baina ez da kasualitatea ikasturteko hamar eduki ikusienetako erdiak bi gai horiei buruzkoak izatea; irakurleen artean ikusmin handia piztu dutela argi eta garbi dago.

Irakurleek, batez beste, bi minutu eta 37 segundo igaro dituzte gure webgunean 

Arestian aipatutako bisita horiek guztiak 54.533 erabiltzailek egin dituzte, joan den ikasturtean baino %13 gehiagok (48.444 izan ziren). Beraz, irakurle gehiagok orrialde gehiago ikusi edo bisitatu dituzte. Horretarako, nola ez, saio gehiago hasi behar izan dituzte TXINTXARRI-ren atari digitalean; zehazki, 141.687 (2021-2022an 121.666 izan ziren, %17 gutxiago). Bisitari bakoitzak, batez beste, %3,4 saio gehiago hasi ditu aurtengo kurtsoan (2,5 iaz eta 2,6 aurten) eta irakurraldi horietako bakoitzean bi orri pasatxo ikusi ditu (pasa den kurtsoan bezainbeste, 2,3), bi minutu eta 37 segundotan. Azken datu hori aintzat hartuta, herritarren nabigazioak bi segundo luzeagoak izan dira.

Festa kutsukoa, ikusiena

Saio luzeago horietan, bada, zer irakurri dute nabigatzaileek? Ikasturtero bezala, hamar eduki ikusienak zeintzuk izan diren aztertu dugu, eta, datuen arabera, irakurleen artean jakin-min gehien piztu dutenak herriko jaiei eta Euskararen 10. Maratoialdiari buruzkoak izan dira; bisitatuenak izan direnen artean erdiak, hau da, bost artikulu. Ikustaldi gehien izan dituena Lasarte-Oriako Udalak eta herriko zenbait eragilek sanpedroetarako elkarlanean prestatu zuten egitarauari buruzko notizia izan da; guztira, 2.011. Zerrenda horretako hirugarren eta laugarren informazio piezak ere jai horiei buruzkoak izan dira, 90. hamarkadako festen argazki galeria bilduma (1.052 bisita) eta kontzertu nagusien iragarpena (943). Bestalde, Euskararen 10. Maratoialdiko Sentitu fasearen egitaraua (1.464) eta 42 egun iraun zituen ariketaren lehen urrats horren amaierako kronika (741) bigarren eta zortzigarren irakurrienak izan dira, hurrenez hurren.

Lehen aipatu ditugun bi gai horiei buruzkoa ez den lehen artikulua zerrendako bosgarrena da, Esti Garmendia Arrieta EH Bildu alderdiaren Lasarte-Oriako alkategai izendatu zutenekoa, hain zuzen ere. 899 bisita izan ditu. 800 pasatxo izan ditu baita ere kurtso hasieran Elektropottotte elektrotxarangari egin genion elkarrizketak (821). Oso kontsultatuak izan dira baita ere Inauteriekin eta Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiarekin zerikusia izan duten pare bat albiste; horietako bat, Oriarte institutuko ikasleek aurrera eraman zuten lip dub-a (775), eta, bestea, korrikalari gaztetxoek Korrika Txikian jokatutako lasterketen argazki bilduma (721). Azkenik, rankinga ixten duen albistea, hamargarrena, Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) Lasarte-Oriako taldearen sorrerarena da (651).

Erronka, hazten jarraitzea

Elkarrekin lortu duguna ez da batere makala, irakurle; beste behin ere, eskerrik asko. Edonola ere, erronkak gustatzen zaizkio lantalde honi eta horregatik jo eta ke jarraituko du lanean, Lasarte-Oriaren berri gertutasunez eta euskaraz ematen jarraitzeko, horretarako kalitatezko edukiak sortuta.

Zeregin horri eta beste askori indarrez gainezka heltzeko, abuztuan pilak kargatuko ditugu eta irailean itzuliko gara, 8an kaleratuko dugun aldizkariarekin. Bitartean, ongi dakizuen moduan, www.txintxarri.eus atari digitalean izango duzue herrian gertatzen denaren berri. Udara on guztioi!

Erlazionatuak

Ikasturteko hamar eduki ikusienak

Txintxarri Aldizkaria 2023 abu 01 Euskara