Saninazioak ospatzen ari dira Basaundi Bailaran

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 31a, 10:00

San Inazio Jaiak ospatzen ari dira Basaundi Bailarako auzotarrak. Igandean ekin zioten ekimen zerrendari, baina gaur aurrera eramango dituzte egitarauko zeregin gehienak. 

Txalapartariek deitu behar zituzten auzotarrak festara auzoko plazatik, baina hori beharrean, Oaintxe in Deu! txarangako lagunek zabaldu zuten deia Basaundi Bailarako kaleetan, eta haien musikarekin dantza egitera animatu ziren batzuk.

Musikariak abiatu zirenerako prestaketa lanetan buru belarri zebiltzan zabalgunean, herri bazkarirako mahaiak plantatu, taberna jarri eta Buruntz-azpi elkartearen aurrealdean paella prestatzen. Otordurako ordua hurbildu ahala ingurura gero eta jende gehiago bertaratu zen, trago bat hartu edo bazkaltzeko garaia iritsi zain. Uste baino beranduxeago banatu zituzten paella platerak, baina itxura eta usainaren arabera, minutu gehigarri horiek merezi izan zuten. Eserleku guztiak bete eta giro atseginean berdindu zuten gosea. 

Bazkalostean ekin zioten mus txapelketari. Bikoteka lehiatu ziren horretararako prestatutako lau mahaietan eta arratsaldeko lehen orduak bete. Helduak jokoan zebiltzan bitartean, tenis pistako apar festan jolasean ibili ziren haurrak. Desagertu arte murgildu ziren xaboi artean eta begiraleek ura bota bazieten ere, gorputzean gelditu zitzaiena erabat garbitu zuten ur pistola eta globoen gerran. Apar artetik irten, eta jaien antolatzaileek pistola bana eman zieten haurrei; ondoko plazako iturrietan, berriz, prest zituzten urez betetako globoekin hiru kubo. Nahi beste busti eta korrika egin zuten inguruan, gurasoen begiradapean. 

Arratsaldeko azken jarduerak zumba eta bodycombat saioak izan behar zuen, baina irakasleak ezin izan zuen bertaratu, beraz, mikro irekia inprobisatu zuten plazan jende ugari zegoela baliatuta. Tabernan abestia aukeratu, eta nahi zutenek abesteko aukera izan zuten; gainerakoek, aldiz, dantza egitekoa. Eta gogoz gelditu zirenek gauean Ibai Berriak taldearekin asebetetzea izan zuten.

San Inazio eguna da jaien egun handia eta zer egin ugari izango da. Auzotarrak eta herrikideak, guztiak, beso zabalik hartuko dituzte Basaundi Bailaran.

Gaur, uztailak 31ko egitaraua:

  • 09:00. Martxa erregulatua
  • 10:30. Diana txistulariekin
  • 11:00. Haur jolasak
  • 12:00. Buruhandiak
                 Meza, Karmengo kaperan
  • 12:30. Bote eta toka txapelketa
  • 16:00. Aldibereko xake partidak umeentzat
  • 17:00. Gaztelu puzgarriak
  • 17:30. Haurrentzako askaria
  • 18:00. Patata tortilla lehiaketa
  • 18:30. Tortilla dastaketa
  • 19:30. Jai amaiera DJ Nakenekin

 

 

Erlazionatuak

Txarangak festara dei egin die auzotarrei

Txintxarri Aldizkaria 2023 uzt 31 Gizartea