Herritarrak fin ari dira lehian Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 28a

Garazi Etxeberria, Lasarte-Oriako Sarian lehian.

Igeriketako Open zein junior mailako Espainiako txapelketa hilaren 26an hasi zen eta hiru lasarteoriatar ari dira lehian: Buruntzaldea IKTko Garazi Etxeberria eta Bidasoa XXI taldeko Leire eta Ainhoa Martin ahizpak; proba ezberdinetan parte hartuko dute hirurek. Finaletan izan dira azken biak, baita dominak jantzi ere

Lehen jardunaldian, Ainhoa Martinek 200 m. bular proba lehiatu zuen eta Leirek eta Etxeberriak, aldiz, 50 m. bizkar probari egin zioten aurre. Ainhoak A finalerako txartela eskuratu zuen eta bertan brontzezko domina jantzi zuen (02.33,29); Leirek, aldiz, B finalean jardun zuen (29,94). Etxeberriak 32.79 marka egin zuen sailkapeneko saioan.

Atzo, Etxeberriak 50 metro libre eta Leirek 200 m. bizkar probetan parte hartu zuten. Etxeberriak 28.03ko marka egin zuen; Leirek, B finalerako txartela eskuratu zuen eta 02.18.88 marka eginez, hamaikagarren postuan sailkatu zen.

Gaur, Ainhoa eta Leire Martinek 400 m. lau estilo proban izan dira igerian eta Leirek A finalerako txartela eskuratu du denborarik onena eginez, 05.01.48. Arratsaldean, 18:48ean lehiatuko da dominaren bila.

Ainhoak, aldiz, 05.12.84 egin ditu eta estiloen probaren ostean, 50 m. bularreko sailkapena (34.51) ere lehiatu du. Ez estilo proban, ezta bularrekoan ere ezin izan da finaletarako sailkatu. 

Jokatzeko dituzten probak

Ez dira hauek jokatuko dituzten proba bakarrak izango. Bi jardunaldi dituzte aurretik. 

Bihar, hilaren 29an, Etxeberriak 100 m. libre eta Leire Martinek 100 m. bizkar probetan egingo dute igeri.

Eta etzi, hilaren 30ean, Martin ahizpek 200 m. lau estiloan buruz burukoa izango dute eta Ainhoak 100 m. bular saioa ere izango du.