Iker Altunarentzat izan da 'Eskuratu 1.000 euro' kanpainako saria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 28a, 09:56

Hiru orduko tartea izan du Altunak herriko komertzioetan erosketak egiteko. Aterpearen 'Eskuratu 1.000 euro' kanpainaren irabazlea izan da, eta zer eta non erosi ondo pentsatuta agertu da. Auto klasiko batean egin du dendaz denda ibilbidea

"Pozik eta eskertuta" azaldu da Iker Altuna ibarratara "espero gabeko saria" jasotzera. Bera izan da Aterpea merkatarien elkarteak urte sasoi honetan antolatu ohi duen Eskuratu 1.000 euro kanpainaren irabazlea, eta hiru ordu izan ditu irabazitako diru kopuru hori xahutzeko. Auto klasiko batean egin du komertzio batetik besterako bidea, merkatarien elkarteko bi kidek lagunduta. 

 Merkatarien elkartearen izenean, Mabel Pedreirak hitz egin du, eta esan, elkarteak ikasturtean zehar antolatzen dituen kanpaina guztien artean "deigarriena" izan ohi dela 1.000 euro eskuratzearena. Nabarmendu du "harrera ona" izan duela, eta hori eskertu die bertan parte hartu duten guztiei. 

Komertzio txikiari babesa

Herriko komertzioari babesa ematen jarraitzea "ezinbestekoa" dela ere azpimarratu du Predreirak, eta gaineratu, komertzio txikirik gabeko herria, herri hila litzatekeela. 

Amaitu aurretik, sariduna zoriontzearekin batera, uda ona pasa dezaten opa egin die herritarrei, eta gogorarazi, ikasturte berria hastearekin batera jarriko dutela martxan hurrengo kanpaina.