Eve Ensler idazleak 1996an estreinatu zuen Baginaren bakarrizketak izeneko antzezlana. Maila kultural eta sozial desberdinetako 200 emakume ingururekin izandako solasaldietan oinarritu zen ikuskizuna sortzeko. Elkarrizketa horietan baginarekin zerikusia zuten gai askori buruz hitz egin zuten: harreman sexualak, masturbazioa, hilekoa, erditzea, eta abar.
Handik urte batzuetara, 2011n, Txalo Produkzioak taldeak Euskal Herrira ekarri zuen antzezlan hori, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean eta Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai aktoreekin. Orduz geroztik makina bat emanaldi egin dituzte eta aktoreak aldatu dira. Horren erakusgarri, aurtengo abuzturako programatu dituzten lauak, hirukote honen eskutik: Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia eta Intza Alkain, lasarteoriatarra azken hori. Abuztuaren 17tik 20ra ariko dira Donostiako Antzoki Zaharrean, ostegunetik igandera, 20:00etatik aurrera, euskaraz. Sarrerek 20 eta 26 euro artean balio dute eta Donostia Kulturaren atari digitalean eros ditzakete interesa dutenek.
Emakumeen sexualitatea
Etxebarriak, Urretabizkaiak eta Alkainek elkarrizketatutako emakumeei ahotsa emango diete; poesia, umorea, barrea, samurtasuna eta probokazioa bezalako baliabideak erabiliko dituzte horretarako.
Euskal Herrian nahiz beste toki askotan behin eta berriro antzeztutako komedia horren bidez, emakumeen sexualitatea azaldu eta moldeak apurtzen dituzte, eztabaida pizten eta dinamika berriak sortzen, lotsarik gabe.