Jon Pello Artetxek Zikuñaga Papelera txapelketa finalerdia jokatuko du

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 27a

Artetxe (bigarrena ezkerretik) eta Ugalde, final laurdena jokatu baino lehen. Arg.: Rufino Rekalde.

Hernaniko Zikuñaga papelera lehiaketa aurrera doa. Senior mailan Jon Pello Artetxe herritarra finalaurretara iritsi da; jubenilek ezin izan dira azken faserako sailkatu

Intzako Jon Pello Artetxek eta bere bikote Oiarpeko Ugaldek txapelketa porrotarekin hasi bazuten ere final laurdenetarako sailkatu ziren lehen fasean bi garaipen erdietsi ostean. Hilaren 14an, Gaztelekuko Eskudero eta Usandizaga garaitu zituzten, 18-16 eta 19an, aldiz, Jara eta Lizeaga hernaniarrak hamalau tantotan utzi zituzten.

Final laurdena hilaren 22an jokatu zen eta EPLEko Olaizola eta Aranburu bikoteren aurka neurtu zituzten indarrak. Nagusi izan zen herriko pilotariaren bikotea; 18-7 gailendu ziren.

Finalerako azken pausoan Intxurreko Urkizu-Irazustabarrena bikotea izango dute aurkari, gaur, 19:00etan. 

Neurketa gaindituz gero, hilaren 29an, txapelketako finalean izango dira. Jardunaldia goizez izango da eta Hernaniko Salaberria eta Pagazpeko Urruzola izango dute zain garaikurra nork eramango duen erabakitzeko.

Ezin aurrera egin 

Intzako jubenil bikotea, aldiz, lehiaketatik kanpo geratu zen hilaren 14an. 

Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilletak Hernaniko Manterola-Alegria bikoaren aurka lehiatu ziren eta 18-14 gailendu zen aurkaria.

Bi neurketa galduta jubenilak ezin izan dira bigarren fasean sartu.