Biharko iragarpena ez da ona, baina Telleriak esan du Kultur Kale Zikloa aurrera eramateko asmoa dutela; bertan behera uztekotan, "oso eguraldi txarra" egin beharko du. "Hori dauka horrelako egitasmoak hemen antolatzeak, aurtengo udaran zalantza hauekin gabiltza". Antolatzaileak gogoratu duenez, egitasmoaren helburua Lasarte-Orian barrena kultura musikala sustatzea da. "Auzo askotara eraman ditugu taldeak, baina dinamikari buelta bat ematea erabaki dugu, proba bat egitea; uste dugu musikari guztiak toki berean egun bakarrean aritzeak ikus-entzule gehiago erakarriko dituela".
Alkateak esan du uztaileko eta ikasturteko agenda ixteko ekimen "ezin hobea" dela Kultur Kale Zikloa, "plan polit bat" eskaintzen dielako herritarrei eta estilo desberdinetako musika generoak uztartzearen bidez haiekiko zaletasuna hauspotzen duelako.
Estilo nahasketa
Esan bezala, aurtengo zikloan joko duten taldeak Grezian, Iluna eta Luca Grassi & Groove Band izango dira. Hiruak, Donostialdekoak. Telleriak azaldu du lehenengoek rock bertsio ezagunak jotzen dituztela, duela 40-50 urtekoak. Ilunako lagunek, berriz, rock melodikoa egiten dute, euskaraz. "Lasarte-Oriarekin lotura dute, hemengo estudio batean grabatu izan dutelako". Programa itxiko dutenak, gazteak izanagatik, inguruko eszenan "denbora ugari" daramatela argitu du Xpressionk-ko ordezkariak. "Musika oso freskoa jotzen dute, funk eta disco estiloak modu dibertigarri batean nahastuta".
Azkenik, herritarrak bertaratzera animatu dituzte Kultur Kale Zikloa antolatu dutenek.