Oholtza gainera ere lasai asko igo dira Michelin Lasarte lantegiko enpresa batzordeko bost ordezkari. Fabrika horretako beharginak omendu ditu antolakuntzak aurten, langileen eskubideen defentsan eredu izateagatik. Santa Ana eguna koloreztatzen duten zapi gorriak jantzi bitartean, Lierni Rekondo bertsolariak bertso eder bat abestu die.
Michelingo langileak presente egon ziren parodian zehar ere, horietako batek irakurri baitzuen alkatearen bandoa. Legealdi berrirako soldata ia %20 igo izana oinarritzat hartuta, honakoa esan die plazan bildu direnei: beraiek ere beste horrenbeste igotzeko ordainsaria.
Lekuko ezin bitxiagoak
Fiskalari ongi atera zaio jokaldia oraingoan, baina hurrengoetan hobe luke epaiketara ekarri nahi dituen lekukoak tentu handiagoz aukeratzea, batek baino gehiagok ia hankaz gora jarri baitio estrategia. Esaterako, 42. zenbakidun udaltzainak. Martxoan, antza denez, bi akusatuak Oriarte Larrekoetxeko patioan ikusi zituen, bertako ikasle eta irakasleek mimo handiz margotutako horma morearen gainean pintaketa arrazista, matxista, homofobo eta faxistak egiten. Bada, gau hori gogora ekarri behar izan duenean, aitortzen bukatu du bere aginduz egin zituztela graffitiak Edermirak eta Bitcoinek, poliziak ezin zuelako jasan zeinen euskara traketsa erabiltzen ari ziren, eta zuzenketa gramatikalak egin zizkielako, duela gutxi eskuratutako C2 gaitasun maila harro erakutsita.
Udaltzainarekin alderatuta, finago aritu dira Charles Windsurf De La Tabla Redonda aristokrata eta Oria ibaiaren ertzean lurrak dituen nekazaria. Akusatuei honakoa leporatu diete, hurrenez hurren: ingeles jatorriko pertsona hori bere etxetik bota izana Hipodromo etorbideko etxeak salgai jartzeko eta inori kontsultatu gabe belar hockey pista egiteko baimena eman izana, ortuak dituztenak ezer gehiago landatzeko lursailik gabe utzita.
Testiguen zerrendan ez zeuden pertsonaia pare batek zur eta lur utzi dituzte ikus-entzuleak. Azkar asko ezagutu dute lehenengoa: eguzkitako betaurrekoak, bisoizko berokia, hamaika poltsa eta Sometetik etorria. Ez, Somorrostrotik. Beno, horrelako zerbait. Epaitegian zeudenak ere ez dira aklaratu. Badakizue nor den, ezta? Bai, Ana Urchueguia, Lasarte-Oriako alkate ohia eta prebarikazioagatik eta funts publikoak era bidegabean erabili izanagatik berriki kondenatua. Kontzientziaren ahotsa isilarazi nahian, Okendoko oholtza gainera igo da egindakoa aitortu eta penitentzia jasotzera. A zer nolako haserrea hartu duten akusatuen aulkian zeuden bi alprojek, apaizak egunean sei bider otoitz egiteko zeregina jarri dionean! Antzeko tratu bat egiteko aukera exijitu dute, baina epaileak ez die jaramonik egin.
Epailea deliberatzear zegoenean igo da beste pertsonaia bitxia, despistatu eta parodian infiltratuta amaitu duen sagardozale frantsesa. Basoa behin eta berriro inklinatu du baten batek sagardo freskoa botako zionaren esperantzan, baina bota dutena bera izan da, taulatik, mikeleteek.
Edermira eta Bitcoin sutara kondenatu bezain laster igo da deabrua, sardea eskuan, eta azkar batean eraman ditu bi alprojak sutzarrera. Kiskaltzen ari ziren bitartean, oholtzatik jaitsi dira epaitegiko kide guztiak eta Lasartearra elkartera joan dira, bapo afaltzera.