San Miguelek eta Arrutik eraman dute Santa Ana Pala txapelketako garaikurra

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 26a, 20:40

Pala jaialdia izan da gaur arratsaldea Loidibarren pilotalekuan. 40. Santa Ana Pala txapelketako azken jardunaldia jokatu da eta  3. postuko neurketan ikusle gutxi bazegoen ere, finala iriste orduko harmailak bete dira. Final borrokatuan Julen San Miguel-Asier Arruti bikoteak Jon Pello Artetxe eta Xabier Arteaga garaitu dituzte, 24-30. 3. postua eskuratzeko ere lehia estua izan da; Julen Urruzola eta Eneko Sarasola Tomas Pagoaga-Martin Zelaia bikoteari gailendu zaio, 28-30

Zirrara handiko neurketaz gozatu ahal izan da gaur arratsaldean 40. Santa Ana txapelketako neurketetan.

Jaialdia hasteko hirugarren postua izan da jokoan. Julen Urruzola eta Eneko Sarasolak neurketari itzulia eman diote. Urdinez zeuden Tomas Pagoaga eta Martin Zelaiak bitan aurre hartu eta garaipena erdietsiko zutela zirudien arren, gazteek ongi erantzun dute eta  pixkanaka errenta txikitzen joan dira aurkariaren akatsak edo ongi jokatutako tantoak eginez. Horrela 26na berdindu dute. Eta ostean urduritasun handiko minutuak bizi izan dira bikoteek 27na eta jarraian 28na berdindu dutenean. Azken bi tantoak gorrien aldeko izan dira eta Urruzola-Sarasolak eraman dute hirugarren postua.

Erketzeko kideek agurra dantzatu eta final handiaren txanda izan da. Julen San Miguel eta Asier Arrutik, urdinez, eraman dute garaikurra, Jon Pello Artetxek eta Xabier Arteagak ez diete lan erraza eman, ordea. Tanto politak ikusi ahal izan dira eta atzelariek lan ederra egin dute, nahiz eta pilotekin gora-beherak izan dituzten.

Urdinak jarri dira aurretik lehen tantoetan eta gorriek amore emango ez zutela erakutsi dute 9na berdintzean. Hala ere, San Miguel-Arruti bikoteak erantzun eta zazpiko aldea ireki zuten. Gorriek aldea murriztea lortu zuten. 14-19 zeudela San Miguelen akats batzuek eta Artetxe-Arteagak ongi amaitutako tantoek norgehiagoka berdintzea ekarri dute, 20-20. Tanto luzeak eginez, atzelariek hartu dute pisua eta aurkariaren akatsaren edo dejada egiteko aukeraren bila egon dira bikoteak. Urdinek eraman dute gehienetan saria eta beraz, 24-30 gailendu dira.

Txapeldunek eta txapeldunordeek -finala jokatu ezin izan duen Iker Artetxe barne- kirol zinegotzi Goizalde Pildainen eskutik jaso dituzte sariak.