'Arbasoak' erakusketa zabaldu du Gotzon Huegun herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 26a, 10:13

Argazkiak: Gotzon Huegun

Eskultore lasarteoriatarrak 'Arbasoak' izeneko erakusketa aurkeztu berri du. Gizakiak naturarekin duen harremana erakutsi du ikusgai jarritako hamasei artelanen bidez. Irailaren 30era arte izango dute interesdunek erakusketa bisitatzera joateko aukera

Hamar urteko "esperimentazio lanaren" emaitza da Gotzon Huegun herritarrak osatu duen Arbasoak erakusketa. Hilaren 7an aurkeztu zuen, eta iraila amaierara arte izango da hori ikustera joateko aukera.

Guztira, zuraz egindako hamasei artelanez osatua dago, eta gizakiak naturarekin duen loturaren erakusle diren eskulturak, muralak eta likenak ikus ditzakete bisitariek. Hain zuzen ere, egileak basoarekin duen harremanaren erakusle dira obrak: "Basoa oso lotuta dago nire bizitzarekin haurtzarotik heldutasunera arte". Horrela, ingurune naturala bere esentziatik bereiz ezin daitekeen osagai gisa aurkeztu du artelanen bidez. 

Hortik izendatu du erakusketa Arbasoak izenarekin; basoaren eta herritarraren arbasoen arteko bizitza harremanari eskainitako omenaldia da. Huegunek kontatu du arbaso horiek zuhaitzak mozten aritzen zirela, eta hortik bildutako egurra baliatzen duela berak artelanak egiteko: ""Nire izatearen sakontasunarekin konekta naitekeen lekua da". Erakusketak, hortaz, moztutako zuhaitzetatik egindako muralak eta eskulturak erakusten ditu, eta lotura sinbolikoa ezartzen du egilearen arbasoen eta bere sorkuntza artistikoaren artean. Bide horretatik, testuinguru artistiko "sotil, zintzo eta garaikide" baten barruan zurezko tailuen diziplina berreskuratzea, eguneratzea eta kokatzea erakusten du. 

Erakusteka, Donostian

Honako obrak ikusteko aukera izango dute erakusketa bisitatzera joaten direnek; goroldioak, likenak, pitzatutako motzondoak eta udazkeneko euriak, besteak beste. Elementu horien edertasuna eta naturak oparitzen dituen sentsazioak" atzematen ditu artistak. 

Hilaren 7an aurkeztu zuen erakusketa, eta irailaren 30era arte izango da hori bisitatzeko aukera. Donostiako Zaragoza Plazako 3. zenbakian jarri du ikusgai.