Tarota, irakurketa psikikoak, sendatzea. Horiek jasotzen zituen Okendo plazan jarritako aulkien aurrean zegoen arbelak, eta denak izan ditu Jon Zabal magoaren Nexo ikuskizunak. Kale antzerkia bultzatuz egitasmoak ekarri du herrira mentalista bilbotarra eta saio parte hartzaile bat aurrera eraman du, bertaratutako helduetako batzuen laguntzarekin. Hiru boluntario izan ditu hasieratik eta haiek aukeratutako karta asmatzeaz gain, iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko kontu bat iragarri die, hurrenez hurren. Giro berezia sortu du, plazan zeudenen arreta bereganatuz, eta zenbait trikimailurekin aho bete hortz utzi ditu ikusleak, esaterako, emakume batek bizar-labana lepotik pasatu eta zauririk egin ez dionean.