Eskulangile azoka, Santa Ana egunaren aurrekaria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 23a, 15:58

Santa Ana Eguna ospatuko du Lasarte-Oriak asteazkenean, eta data esanguratsu horren aurretik, gaur, 38. Artisautza Azoka tradizionala egin dute. Hamar janari postu jarri dituzte Mercero plazan eta artisautzako hamazazpi Okendon. Horrez gain, egunean zehar aurrera eraman dituzten tailerretan erroskillak edo buztinazko potoak egiteko aukera izan dute haurrek.

Goizez eta arratsaldez aukera izan dute lasarteoriatarrek artisauek erakusmahaietan jarritako ondasunak eta gutiziak erosteko, eta asko izan dira hori baliatu dutenak, eguerdi partean herritar ugari baitzebilen postu artean.

Ohi bezala, bi gune izan ditu azokak. Mercero plazan, nagusiki, elikagaiak erosi ahal izan dituzte bisitariek. Askotariko jatekoak, gainera, gozo eta gazi: gazta, eztia, hestekiak, kontserbak, pastelak… Edonork bere gustukoa topatzeko nahikoa. Lagun gutxi joan da esku hutsik inguru horretatik, eta are gutxiago, artisauek dastatzeko eskainitakoa jan gabe. 

Okendo plazan, berriz, eskulangileek egindako bitxiak, telazko poltsak, oinetakoak, arropa, landareak... zeuden salgai. Erosteaz gain, haietako batzuk lanean ikusi dituzte herritarrek, eta guztiekin beraien ofizioen berri izan, galderak egin edo zalantzak argitzea izan dute. Udaletxeko arkupean, ehoziri lanetan aritu da emakume talde bat eta egurra lantzen zenbait zurgin. 

Ikusteaz gain, nahi izan duten umeek probatzea ere izan dute, egunean zehar egindako tailerretan. Erroskillak egiten aritu dira batzuk Behemendiko postuan. Orea hartu, eskuekin pilotatxoa egin eta mahaiaren kontra zuloa egin dute. Ondoren, saltzaileek frijitu eta jateko eman egin dizkiete. Buztinarekin eskuak zikindu eta poto bat egitera ausartu dira haur batzuk, inguruan zeudenen jakin-mina piztuz, begira-begira gelditu baitira. Halaber, landareak landatu eta zaintzen edota txalaparta jotzen ere ikasi ahal izan dute.