Michelingo kiroldegi berria eraikitzeko obraren proiektua onartu du udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 21a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Ezohiko udalbatzarra egin du Lasarte-Oriako udal korporazioak gaur goizean. Sei puntuko gai ordena eztabaidatu dute;  horien guztien artean, Michelingo kiroldegi berria eraikitzeko obra proiektua onartzea eta lan horiek kontratatzeko espedientea abiaraztea bozkatu dute

Plan orokorraren hasierako onespenaren dokumentua jendaurrean jartzeko epea irailaren 8ra arte luzatzeaz mintzatu dira saioari hasiera emateko. Gaiak ez du eztabaidarik sortu, eta zuzenean bozketa egin dute. Bat etorri dira alderdiak; aho batez onartu dute. 

Lasarte-Oriako Michelin kiroldegi berria eraikitzeko obraren proiektuaren onarpenaz aritu dira gero. Lehen desadostasunak agertu dira gaiarekin, baina aurrera egin du horrek ere; aldeko hamalau boto eta abstentzio bat batu ditu gaiak. Horrekin batera, Michelingo kiroldegi berria eraikitzeko obrak kontratatzeko espedientea abiarazteaz ere aritu dira. Horrek ere aurrera egin du, aurreko puntuaren boto banaketa berarekin (aldeko hamalau, eta abstentzio bat). 

Lasarte-Oriako Tokiko Energia Erkidegoaren estatutuak aldatzekoa, autokontsumo erregimeneko energia aprobetxatzekoa eta estalkien jabari publikoko emakida Tokiko Energia Komunitatearen aldeko ebazpena onetsi dute gero. Ez du inolako eztabaidarik eragin, eta zuzenean bozketa egin dute. Hau izan da emaitza: aldeko hamalau boto eta abstentzio bat. 

Amaitu aurretik, beste bi gai

Aurrekontuaren Kreditu Gehigarrien 3. Espedienteraren gainean hitz egin dute gai ordenako bosgarren puntuan. Inolako alderdik ez du eztabaidarako tartean azalpenik egin ez duenez, bozketari ekin diote. Aldeko hamalau botorekin eta abstentzio batekin aurrera egin du gaiak. 

Seigarren eta azken puntuan, berriz, aurrekontua betearazteko araua aldatzeko espedientearen onartzeaz aritu dira. Zuzenean bozketara jo dute, eta aldeko hamalau botorekin eta abstentzio bakarrarekin onetsita geratu da gaia.