Herritarrak itsas zeharkaldietan lehian ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 20a

Jurgi Sukunza (eskubian), Ondarroako itsas zeharkaldiko podiumean. Arg.: K. Gomez.

Uda iristearekin batera itsas zeharkaldi denboraldia ere martxan jarri zen. Gipuzkoa aldean Flysh beltza, Itzurun-Arranpla edo San Anton bira lehiatu dira. Baina Ondarroa edo Euskal Erkidegotik kanpora ere lehian izan dira herritarrak eta podiumera ere igo dira

Hilaren 15ean, Bizkaian Ondarroako Itsas zeharkaldian Jurgi Sukunza herritarrak (16 urte ditu) senior mailako hirugarren postua eskuratu zuen, 20.26,95. Aitor Iurramendik (28.38,57) ere parte hartu zuen, baita Buruntzaldea IKTko Manu Santosek (28.20,95) ere.

Egun bat geroago, Getariako San Anton Bira proba jokatu zen. Bertan Sheila Blazquez (48.43) herritarrak zein Buruntzaldea IKTko Juan Vicente Martin (35.32), Asier Gorostegi (39.01), Igor Amantegi (38.19), Laura Igea (41.34) eta Manu Santos (46.44) kideek egin zuten igerian.

Buruntzaldea IKTko kideetako batzuk San Anton Bira proban parte hartu baino lehen. Arg.: L. Igea.

Itzurun-Arranpla zeharkaldian ere izan ziren herritarrak lehian, hilaren 8an. Zumaiako lehiaketan ibilbide ezberdinak izan ziren eta hiru kilometroko probari aurre gin zioten Jurgi Sukunzak (38.38) eta Garikoitz Lopetegik (42.09), baita Buruntzaldea IKTko Juan Vicente Martinek (43.46) ere.

Kanaria Uharteetan podiumean

Euskal Erkidegoko mugetatik bestalde ere itsas zeharkaldietan parte hartu dute herritarrek eta lehen postuetan izan dira. Sukunza anaia-arrebek –Aimar, Jurgi eta Maddi–, esate baterako, Kanaria Handian antolatutako Las Canteras Open Water proban egin zuten igeri, ekainaren 24an. Jurgik seigarren postuan amaitu zuen lehia eta junior mailako bigarren postua eskuratu zuen. Aimarrek absolutu mailako irabazle izan zen; orokorreko, hamahirugarren eta Maddi, aldiz, absolutu mailako bosgarren.