Herrikideen artean, kantu eta dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 19a, 16:43

Ttakun Kultur Elkarteko Udako Txokoetako haur talde handi bat Atsobakar egoitzak izan da gaur goizean. Bertako egoiliarrei bisita egin eta eurekin kantu eta dantza egitera joan dira. Laguntzaile bikain izan dute gainera: Porrotx pailazoa. Guztiek elkarrekin, giro atseginean bizitza ospatu dute. 

Asteazken goiz ederra igaro dute Atsobakar egoitzak hainbat lasarteoriatarrek; heldu, gazte zein haurrak, denak batera zahar egoitzan elkartu dira bizitza ospatu eta elkarrekin tarte dibertigarri bezain atsegin bat igarotzeko. Lasarte-Oriako belaunaldi arteko harremanak sustatu eta elkar zaintzeko helburuarekin, nola ez, lortu dute xedea. 

Ttakun Kultur Elkarteko Udako Txokoetako haur eta begiraleen bisita jaso dute egoitzako egoiliarrek, eta ohi bezala, pozik jaso dute elkar. Horiekin batera izan da baita ere herriko sudurgorrietako bat: Porrotx, eta Nagusilan elkarteko boluntarioak ere bai. Denek elkarrekin, kantu eta dantza egiteko tartea izan dute. 

Guztiek elkar agurtu, eta ostadarraren oihala lortzeko koloretako zapien magia trukoa egin die pailazoak hasteko. Koloretako oihalarekin batera, atera ditu zakutxo magikotik beste bi ere: Ikurrina eta Sahararen bandera. Izan ere, Oporrak Bakean programari esker uda Lasarte-Orian pasako duten gaztetxo sahararrak ere bertan izan baitira, eta horien aurkezpena egin die egoitzako lorategian bildutakoei. 

Kantu eta dantzarako tartea hartu dute gero; askotariko abesti ezagunekin astindu dituzte gorputzak. Jon Braun, Ran Rober Ran eta Agur bat, lagun maite dantzatu dituzte denek elkarrekin, besteak beste. 

Hitzorduari amaiera emateko, berriz, biribil handi bat egin, eta egoiliarrei begira oinez, eskuarekin agur esan eta muxuak bidali dizkiote elkarri.