Azokara joatea ez da derrigorrezkoa aipatu bost taberna horietan pintxo berezi eta goxoak jan ahal izateko, baina egitasmoa aurkeztu dutenek ibilbide hori egitea gomendatu dute. "Botoa ematera joan osteko plan gisa ere, ez da batere txarra", gehitu du udaleko Sozioekonomia buru Nuria Fernandezek. Beste behin, eskerrak eman dizkio Aterpeari horrelako jarduerak herrian aurrera eramateagatik, eta herritarrak eskaintza gastronomikoaz gozatzera animatu ditu.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, parte hartzaile bakoitzaren ordutegia kontuan izan beharko dute bezeroek, Santa Ana egunaren harira prestatuko dituzten pintxoak jateko. Balioan jarri dute baita ere animatu den establezimenduetako bat (Arima taberna) Zabaleta auzoan egotea. "Horrela, deszentralizatu egiten dugu ekimena zertxobait", esan du merkatarien elkarteko lehendakari Miguel Angel Prietok. Esan bezala, sukaldariek bakailaoa eta piperra erabili beharko dituzte elaborazioetan, bai ala bai, baina, hortik aurrera, askatasuna izango dute euren ukitu pertsonala emateko.