Euskotren Ligako lehen hitzorduan Aiora Belartieta eta Donostia Arraun Lagunak-ek V. Bilboko bandera eskuratu eta euren esku zegoen estropada eremuko marka berria ezarri zuten. Hondarribia Bertako igogailuak eta Intza Fernandez, aldiz, Tolosaldea gainditu eta laugarren izan ziren
Erlojupeko modura egin zen proban, bai Ama Guadalupekoa baita Lugañene ere euren txandako azkenen lehiatu ziren. Berdeak 10.43,26 denborarekin lehen txandako onenak izan ziren eta ehunekoengatik laugarren postua eskuratu zuten jardunaldian. Donostia Arraun Lagunak-ek ederki jardunez probako marka ondu zuen, 10.24,20, eta bandera eraman zuen.
Hilaren 16n, Orion, Orioko XXIII. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina XI. Bandera jokatu zen. Aurreko jardunaldiko emaitza kontuan izanik, lehenengoz herritarren bi eskifaiek bat egin zuten bigarren txandan; eurekin batera etxeko San Nikolas izan zen. Nortindal Donostiarra kanporatua izan zen patroiarengatik eraman beharreko pisu gehigarria ez eramateagatik.
Donostiarrek hartu zuten aurre lehen metroetan, ziabogara iristean mirotzak ziren buruan, ordea. Lugañenek lehen txandako Tolosaldeak (05.48) baino bi segundo gutxiago behar izan zituen puntu horretan (05.46) eta berdeek hamar gehiago.
Bigarren luzean oriotarrak mantendu ziren buruan eta 11.16,60 eginez etxean garaile izan ziren. Atzetik donostiarrek estutu eta Tolosaldeako traineruaren denbora segundo batean ondu zuten, 11.25,54. Azkenik, Hondarribiak 11.41,96 egin eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Emaitza horiei esker, Lugañene Euskotren Ligako buru jarraitzen du 36 punturekin eta hiru puntura Orio Orialki dago. Hondarribia, aldiz, bosgarren postuan da, 22 punturekin.
Bosgarren postua
KAE 2 mailan, Gaizka Ormazabal herritarra kide duen Hibaikak Orio kanpina V. bandera eta Portugalete Uri Urena bandera lehiatu zituen. Bietan etxeko traineruek erdietsi zuten garaipena eta errenteriako eskifaia bosgarren postuan amaitu zuen estropada.
Ligako sailkapen orokorrean, laugarren postua mantentzen du Hibaikak.