'Lasarte-Oria: istorio zumez egina' proiektatuko dute bihar gauean, Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 19a, 10:00

Ihitteneko zenbait kide, dokumentalaren aurkezpen ekitaldian, ekainaren 18an.

Okendo Zinema Taldea udako zikloa aurrera eramaten ari da hilabete honetan. Bihar proiektatuko du bigarren ikus-entzunezkoa, Ihitten elkartearen Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala. Printzipioz Okendo plazan izango da emanaldia, 22:00etan, baina, eguraldi txarra eginez gero, Oriarte Landaberrira eramango dute.

Gure herriaren bilakaera, identitatea eta beste gai ugari jorratu dituzte ikus-entzunezkoan, horren guztiaren lekuko izan, izaten ari eta izango diren herriko emakume batzuen ikuspuntutik. "Isildutako ahotsak argitara atera ditugu gure herriko historia osatzeko: hiru belaunaldi desberdinetakoak dira, Lasarten jaiotakoak batzuk, Orian besteak, Lasarte-Orian gazteenak, 50. eta 60. hamarkadetan hona bizitzera etorri zirenak eta azken immigrazio mugimenduaren eraginez gaur egun bizilagun ditugunak. Kontrasteak egin ditugu, batzuek bilakaeraz hitz egin dute eta besteek gaur egun herria nola ikusten duten". Horien guztien lekukotzak jaso, elkarri lotu, saretu, ehundu eta txirikordatu dituzte, "saski trinko bat" eratu arte.

Erlazionatuak