Santa Ana azoka aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 18a, 16:27

38. Santa Ana Artisau Azoka aurkeztu dute gaur eguerdian. Kultura zinegotzi Anne Ugarteburu eta Servicios Globales Araba enpresako ordezkari Asier Velasco arduratu dira jardueraren xehetasunak emateaz

Igande honetan, hilak 23 hartuko du Okendo plaza aurtengo 38. Santa Ana Artisau Azokak. 10:00etan hasi eta 14:00etara arteko tartea izango dute herritarrek salmenta postuetara joateko aukera, eta hala nahi izanez gero, horietako salgaiak erostekoa. Hala azaldu dute Kulturako zinegotzi Anne Ugarteburuk, eta  Servicios Globales Araba enpresako arduradun Asier Velascok. 

Elikagaiak salduko dituzte horietako batzuk, eta bestelako produktuak beste hainbatek; hori bai, guztiek artisau produktuen eskaintza egingo diete bezeroei. Guztira, 22 postu izango direla iragarri dute web atarian (https://santaanalasarte.com/), eta horiekin batera, aisialdiko tailerretan landutakoa ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere izango direla azaldu dute antolatzaileek. 

Agerraldia amaitu aurretik, herritar guztiak azoka bisitatzera gonbidatu dituzte.