Haur sahararrei harrera egin die udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 18a

Lasarte-Oriako Udalak harrera egin die Oporrak Bakean egitasmoaren barruan herrira etorri diren haur sahararrei. Hiru gaztetxok pasako dute uda sasoia Lasarte-Orian: Hassana-k, Abdi-k eta Jali-ek. Horiekin batera, laugarren bat ere izan da gaurko hitzorduan: Sara. Azken horrek Usurbilgo familia batekin egingo du egonaldia

Udal ordezkariek (PPkoa ezik gainerako alderdietako ordezkariak egon dira) harrera egin diete, gaur eguerdia baino lehen, udako bi hilabeteak Euskal Herrian igaroko dituzten haur sahararrei. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok hartu du hitza gaztetxoei ongietorria emateko; poza agertu die Lasarte-Oriara etorri direlako. Gaztelaniaz hitz egin badu ere, haur sahararrek izan dute mezua jasotzeko aukera Haron Boutalha Mohamed-Lamine-ri esker; Euskal Herrian bizi den gazte sahararra da, eta haur sahararren hezitzailea ere bai, Ttakun Kultur Elkartea aurrera eramaten ari den Udako Txokoetan. 

Hitzartzea amaituta, opari bana jaso dute hiru sahararrek (laugarrena ez da Euskal Herrira heldu oraindik) Agustin Valdivia alkatearen eskutik, eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariek ere euren oparien entrega egin diete. Azken horiek balioan jarri dute hezitzaile sahararren lana, eta pozik agertu dira berriz ere aurrez aipatutako programari esker haur sahararrak eurekin daudelako: "Aukera interesgarria da eurentzat, baita haur lasarteoriatarrentzat ere". 

Talde argazkia aterata amaitu dute hitzordua.