Mugan taldea Donostiako euskal pop rock eta folk taldea da, Pablo Zurutuzak 2017an sortutakoa, hain zuzen. Hark konposatutako kantu batzuk Joseba Pastorri erakutsi zizkion, eta ondoren, 2018an, beste taldekideak elkartu ziren. Disko bakarra duten arren, Bizirik ez bagaude izenekoa, bigarrenaren bidean doaz eta kaleratutakoak bezain harrera ona izango duen esperantzaz daude.
Guk, lehen aipatu bezala, taldekide batzuk ezagutu ditugu, eta hauei elkarrizketa egiteko aukera izan dugu. Euren lehen diskoari buruzko galderak egin dizkiegu, gehienbat. Bizirik ez bagaude lana zortzi abesti bereziz osaturik dago, eta gustura entzun ditugu horri buruzko esperientzia eta bizipenak.
Nondik dator zuen musikarekiko zaletasuna? Nondik atera zen zuen artean elkartzeko ideia?
Bakoitzaren musika zaletasunak, toki ezberdinetatik datoz, izan ere, bakoitzak bereak ditu. Gehienok musika eskolan hasi ginen musikara hurbiltzen, eta beste batzuk etxetik hasi baziren ere, horrela hasi ginen orokorrean. Adinean aurrera egin ahala, talde ezberdinak ezagutzen hasi ginen, eta hori gustatzen zitzaigula konturatu ginen, guk ere hori nahi genuela ohartu baikinen.
Musika eskola bukatu genuenean, ez genekien zer egin, izan ere, dena bukatu ostean, “Eta orain zer?” galderarekin topo egin genuen. Denoi gustatzen zitzaigunez mundu hau, eta antzeko egoeretan geuden pertsonekin elkartu ginenez, taldea sortzeko ideia atera zen mahai gainera. Kuadrillan esaten hasten zara hasieran, brometan-edo, eta horrela Pabloren etxeko egongelan elkartzen hasi ginen.
Nondik dator taldearen izena? Nolakoa izan zen sorrera?
Izenaren historiari dagokionez, batez ere, presagatik izan zen; lehen kontzertua iritsi zen eta izen bat eta logo bat behar genituen. Kantuak, normalean, haserre edo triste nagoenean idazteko ohitura dugu, hau da, muturreko muga horietara iristean. Horregatik erabaki genuen Mugan izena jartzea, kantak egoera horietan sortzen baitziren, mugetara iristen ginen egoera horietan. Askok erabiltzen dugu musika horretarako, terapia moduko bat izaten baita gehienetan.
Duela urtebete, zuen lehen kontzertuetan, “ziurrenik ez gaituzue ezagutuko…”, esaten zenuten kontzertu horien hasieran. Orain, oholtzara irtetean berdina sentitzen duzuen edo gauza bera esaten duzuen galdetuko bagenizue, berdina erantzungo zenigukete?
Lehen kontzertutara ezagunak joaten ziren gehienbat eta aurpegi ezagunekin topo egiten genuen, Urrutirago joatean, ordea, bertan ez duzu jende ezaguna topatzen. Azkenean, kontzertuak musika talde ororentzat aukera onak dira, ezagutzera eramaten baikaituzte. Beraz, kasu horretan bezala, jende ezezagunekin topatzen garenean, aukera bat bezala hartzen dugu, eta ahalik eta ondoen jotzen saiatzen gara, jendea gure musikarekiko erakarrita sentitu eta ea gure musika gustatzea lortzen dugun. Orain ere, horrelako kasuak suertatzen zaizkigu; adibidez, orain, Sestaon (Bizkaia) joko dugu, eta ziur gaude, gehiengoak ez gaituela ezagutuko, baina positiboki hartzen dugu.
Askok erabiltzen dugu musika horretarako, terapia moduko bat izaten baita gehienetan.
Nolakoa izan da zuen lehen diskoaren harrera?
Gu pixkanaka hasi ginen elkartzen, sobre la marcha, baina kontzertuetan jotzen ere hasi ginen pixkanaka. Beraz, momentu batean, egiten ari ginen guztia disko batean jasotzeko beharra sentitu genuen. Gure helburua lan on bat egitea zen, jendeari gustatuko zitzaiona.
Diskoaren azken bertsioarekin oso gustura geratu ginen, oso pozik; beraz, alde horretatik, oso harro gaude. Gainera, kritika onak jaso ditugu eta jendeari ere badirudi guri bezainbeste gustatu zaiola. Izan ere, kontzertu gehiago ateratzen hasi zaizkigu horren harira.
Bestalde, badakigu duela gutxi kantu bat argitaratu duzuela, 'Mina baino lehen'. Zer moduz?
Kantari buruz jaso ditugun iritziak nahikoa onak izan dira, musika ezberdinagoa egin nahi izan dugu oraingo honetan, eta badirudi zaleei gustatu zaiela, oraingoz behintzat. Hilabete batzuk barru jendeak gure lana entzuten jarraituz gero, gustatu zaien eta arrakasta izan duen seinale izango da. Baina beno, bestela ez da ezer pasako, guk ilusio beraz jarraituko baitugu lanean.
Diskoaren azala esanguratsua eta originala iruditu zaigu. Nondik dator ideia?
Guk, Amaran (Donostian) ikasi genuen, eta hor gradu artistikoa ere bazegoenez, horren bidez, gaur egun tatuatzailea den mutil bat ezagutu genuen, Alex Aranburu. Berak gure diskaren azalean ageri diren antzeko figura asko marrazten eta sortzen zituen, eta guri ikaragarri gustatzen zitzaizkigunez, berarekin kolaboratzea erabaki genuen.
'Bizirik ez bagaude' atera zenutenean, abestietako bat fisikoki soilik kaleratu zenuten, '+' kantua. Zergatik da berezia?
Lehen aipatu dugun bezala, musikariak izateaz gain, oso frikiak ere bagara, eta asko gustatzen zaigu diskoak erostea, gordetzea, barruan duena arakatzea... Beraz, gure diskoak zerbait berezia edukitzea nahi genuenez, ideia hori bururatu zitzaigun.
Pabloren etxean bildu ginen batean izan zen, bere etxean geratu ginen lotan eta denak oheratu ondoren, bera izan zen itzarrik geratu zen bakarra. Horrela, kantu bat sortu zuen eta gugana jo zuen iritzi eske. Azkenerako, denon artean, grabatu eta amaierarako uztea erabaki genuen, fisikoki bakarrik kaleratuz. Ideia gustatu zitzaigun, desberdina eta originala zela pentsatu genuelako.
Nondik ateratzen dituzue zuen disko eta abestietarako horrelako izen filosofikoak, hala esatearren? Zer transmititzen dizue izen bakoitzak eta abesti bakoitzak?
Asko gustatzen zaigu abestien letrak garrantzia eta mezu on bat edukitzea, eta gehienbat sentimenduak trasmititzea, modu horretan errazagoa egiten zaigulako ideiak laburtzea. Gauzak ere kamuflatu edo tapatzen saiatzen gara badakigulako jendeak irakurri egingo dituela.Adibidez, metafora hauekin komunikatzen dugu triste gaudela, hori zuzenean esan gabe.
Nola ikusten duzue euskal musikaren egoera azken urteotan?
Estilo aldaketa bat ari da sartzen euskal lurraldeetan: reggaetoia, trapa… Horrelako mugimenduak indartzen hasi dira euskal gazteen artean. Hori oso ondo iruditzen zaigun arren, guk ere badugu gure tokia gure estiloa jotzeko, gitarreoa, lasaia, música de viejos esaten zaiona. Eta indartzen hari diren beste taldeak Dupla eta beste batzuk izango lirateke, musika elektronikoarekin gauza ederrak sortzen ari direnak.
Hala ere, gaur egun euskal musika ez dago bere gorenean, gazteriak musika gehiago entzun ohi duelako gaztelaniaz edota ingelesez, euskaraz baino.
Zein musikari edo talde da zuen erreferente une hauetan? Ala inorengan oinarrituta ez dagoen estilo bat duzuela uste duzue?
Taldekide bakoitzak bere gustuak ditu, hau da, bakoitzak artista ezberdinak entzuten ditu haien estiloaren arabera. Taldeari begira, ordea, Euskal Herri mailan, Gau izenekoa izan daiteke guretzat erreferentzia, eta, maila internazionalean, Coldplay. Azken finean, gero eta musika gehiago entzunda, orduan eta gehiago ikasten duzu.
Bestetik, bazen talde bat Eraul izenekoa, eta haren kontzertu guztietara joaten hasi nintzen ni, Pablo Zurutuza. Esan dezaket haiei esker hasi nintzela musika mundura hurbiltzen.
Nolakoa da kantu bat sortzeko prozesua?
Azkenean, guri benetan gustatzen zaiguna kantuak egitea da, baina, abesti bat sortzeko prozesua luzea da, ez da egun batetik bestera egiten, hilabeteak pasa ditzakezu.
Pablo etxean probak egiten hasten da, gitarra akustikoarekin, eta behin estribillo on bat duenean edo abestia osatzen hasten da. Esan dezakegu zatika egiten duela, hau da, estribillotik abiatuta hasiera edo amaiera bat ematen dio, zatiak lotuz.
Oinarria edukitakoan, konposatu dudan hori lokalera eramaten du, onartua den ala ez ikusteko. Ondoren, gitarrarekin ateratako akorde horiek beste instrumentuetan probatzen ditugu eta gauzak gehitzen joaten gara. Hilabete batzuez landu ondoren, estudiora iristen gara, guretzat zatirik politena da, kanpotik ezagutzen ez dena.Produktore bat dugu, eta gure ideiak filtratzen ditu. Proba-akats moduko bat da, gu ere ikasten joaten gara.
Nola hartzen dituzue taldeko erabakiak? Hau da, nork hartzen du konposizioaren lidergoa kanta bat egiterako garaian? Izan ere, konposizio prozesuan, erabaki garrantzitsu asko hartu behar dira, eta hori ez da beti erraza izaten.
Tamalez, Mugan demokrazia bat da. Denok ematen dugu gure iritzia eta denok gaude ados, gutxi gorabehera. Eta noski, batzuei erabaki batzuk besteei baino gehiago gustatzen zaizkie, baina toki guztietan bezala. Gure erabakitzeko tresna, batzuetan, berehalako bozketa da; beste batzuetan, aldiz, denbora dezente pasatzen dugu erabakia ongi hartu eta pentsatzeko. Gauzak moldatzen doazen heinean, denok gustuko dugun zerbaitera iristen gara.
Zer ematen edo transmititzen dizue musikak? Zer sentiarazten dizue kantuak sortu eta abesteak?
Lokalean gauden bitartean (abestiak sortzen, entseguak egiten…) oso gustura sentitzen gara, oso konbentzituta gaude egiten dugunarekin. Guk gustuko dugulako egiten dugu. Gustatzen zaionari, ondo, eta gustatzen ez zaionari ,ez dezala entzun gure musika; ez da ezer gertatzen. Kontzertu bat ondo ateratzean, oso sentsazio ona uzten dizu eta ziurtasun handia ematen dizu. Jendea alai ikusten duzu entzuten dagoen bitartean eta gu hor gabiltza, geurean.
Kide batzuek kontzertuak pianoarekin bakarrik ematen genituen, bakarka, eta orain, talde batean egotean, aldaketa handia sumatu dugu. Egiten duzuna gustura egitea da garrantzitsuena. Musika munduan sartzeak ere musikari desberdinak ezagutzeko aukera zabala ematen dizu, lagun talde berri bat sortzekoa musikaren munduan. Eta afariak egitea ere oso garrantzitsua da, kar, kar, kar.
Zer duzue buruan etorkizunera begira? Zeintzuk dira helburuak?
Lehen aipatu dugun bezala, gure hurrengo helburua abesti gehiago grabatzea da, betiere dirua edukita, horrek asko mugatzen gaituelako. Kontzertuak joz, diru hori lortu bigarren diskoa grabatu nahi dugu. Aurrekoan egin genuen bezala, kontzertuetan nahikoa diru lortzean estudiora joan eta lanean hasiko gara. Oso ondo pasatzen dugu gure artean eta espero dugu horrela jarraitzea denbora luzez.
Aipatu bezala, Muganeko kideak proiektu berrietan lanean ari dira. Bigarren diskoko lehen kanta duela gutxi kaleratu zuten, 'Mina baino lehen' izenekoa. Elkarrizketa honetaz gain, hiru kanta zuzenean entzuteko aukera izan dugu. Plazer bat izan da Muganeko kideak eta musika taldea barnetik ezagutzea.