Garazi Etxeberria lau probatan jardun zen: 50 m., 100 m. eta 200 m. libreetan zein 50 m. bizkar proban. Etxeberria bere marketatik gertu ibili zen eta horri esker, junior mailako hiru dominarekin itzuli zen etxera: 100 m. librean urrezko domina jantzi zuen eta 50 m. zein 200 m. libre probetan hirugarren postua eskuratu zuen.
June Lopezek bizkar estiloko hiru probatan (50 m., 100 m. eta 200 m.) egin zuen igeri. Buruntzaldea IKTko prestatzaileek azaldu dutenez, "Hasiera batean 100 m. libre proban ere parte hartzeko asmoa bazuen ere, ostegunean gaixorik aurkitzen zen, sukarrarekin; beraz, ostiraleko jardunaldian atseden hartzea erabaki zuen". Hala ere, gainerako hiru probetan ederki jardun zen Lopez eta horren adierazle da 02.37,59 markarekin 200 metroko proban junior mailan lortutako brontzezko domina.
Miren Sarobe, aldiz, libre erako 50 m., 100 m. eta 200 metroetako probetan eta tximeleta erako 50ekoan lehiatu zen. Bi probetan marka pertsonalak ontzea lortu zuen; 200 m. librean, 02.21.99 egin zuen eta 50 m. librean, berriz, 29 segundoetatik jaistea lortuz, 28,92an utzi zuen bere marka pertsonala.
Gora-behera ezberdinak izan arren, igeriketa taldeko entrenatzaileak gustura daude lortutako emaitzekin.
Era berean, Lopez eta Sarobek oporrak hasiko dituztela jakitera eman dute; Etxeberriak ez du atsedenik izango oraingoz, ordea. Uztailaren 26tik 29ra Malagan ospatuko den Junior eta Absolutu mailako Espainiako Udako Txapelketan parte hartu igerilariak: "Euskal Herriko txapelketako emaitza horiek bide onetik doala adierazten dute eta lanean jarraitzea tokatzen da, azken txanpa egin eta denboraldiari amaiera ederra emateko".