Urmuga egitasmoan parte hartuko du Rukula taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 12a

Rukula taldeak aurtengo Sorgin Jaietan emandako kontzertua.

Euskal Herriko bazterrak mendizaletasunez eta musikaz betetzeko asmoz, gaur ekin diote aurtengo Urmuga egitasmoari: ekialdetik mendebaldera, hilabete amaierara arte, hainbat mendilerrotan ariko dira musikari ugari, tartean, Rukula taldea. Hilaren 29an joko du, Nafarroan, Jaurrieta-Erremendia bidean, Et Incarnatus Orkestrarekin batera.

Urmuga Kultur Elkarteak sustatzen du bi zaletasun horiek uztartzeko egitasmoa, bere webgunean azaltzen duenez: "Jostura luze bat da, Garobel mendilerrotik Auñamendiko Hiru Erregeen Mahaia mendiraino, gure geografia eta herri izaera batzeko". Hori oinarri hartuta, mendizale eta musikari ugari elkartu dituzte aurtengo aldirako ere, mendilerro, lautada eta muinoak euskaraz eta kulturaz blaitzeko. Bestela esanda, mendi ibilaldi musikatu bat da Urmuga, natura eta gizakia musikaren bidez harremantzeko.

Aurtengo ibilbidea hemeretzi egunetan gauzatuko dute, gaurtik hasita: Angulo portutik abiatu eta Hiru Erregeen Mahaiara iritsi arte. Horrekin batera, kultur proposamen "aberats" bat eramango dute Euskal Herriko landa eremuetara, hiri eta populazio gune nagusietatik aterata. "Euskal Herriko naiz atzerriko erreferenteek parte hartuko dute eta Et Incarnatus Orkestraren ingurumarian jo", azaldu dute antolatzaileek. Hemen kontsulta ditzakezue aurtengo aldirako programatu dituzten kontzertu guztiak.

Kontzertu horietako batean ariko da, beste artista batzuekin batera (Leturia, Eñaut Elorrieta, Sara Azurza, Josu Zabala, Garikoitz Mendizabal, Iñaki Dieguez eta Flavio Banterla), Rukula taldea. Emanaldia 18:30ean izango da, Zaraitzun (Nafarroa), Jaurrieta-Erremendia bidean. Euria egingo balu, Otsagabiako frontoian joko lukete. Sarrerak hemen eskura daitezke.