"Lau urte ostean, ikaragarria izan da berriro Europako txapelketa lehiatzea. herrialde ezberdinetako goi mailako kirolariak gure surfa eta gure lana erakustera," adierazi digu Goenagak.
Prone 2 mailan parte hartu du gazteak eta baldintza "paregabeetan" – eguraldi eta olatu onak – bai sailkapen probetan, baita finalean ere garaile izan da talde urdin-beltzeko kidea.
"Ez nuen espero aurrean egotea. Banekien aukerak nituela, nahiko enfokatua joan nintzen, irabazteko gogoekin, olatuak hartzeko gosearekin. Duela lau urteko Munduko txapelketatik hona jende berri agertu da. Portugesak, alemaniarrak, italiarrak.. denak dira arriskutsuak", onartu du surflariak.
Goenagaren garaipena ez zen Espainiako selekzioak txapelketan lortutako bakarra izan eta horiei esker, taldekako titulua ere eraman zuten selekzioko kideek.
Ligan ere lehen postua
Atsedenik ez zuen izan Goenagak. Txapelketa amaitu eta hurrengo egunean Parasurf Ligako Espainiako proba jokatu zuen surflari gazteak, leku berean. Horretan ere lehen postuan sailkatu zen.
Europako txapelketako urrezko dominak lasaitasuna eman arren, Ostadarreko kidea adi egon zen: "Europako txapelketara baino jende gehiago etorri zen. Irekiagoa da eta mundu guztiko jendea dator".
Gainera, surferako baldintzak okertu ziren; "itsasoa mugituagoa zegoen, olatuak irakurtzeko zailago zegoen, baina ahal genuen guztia eman genuen. Hala ere, Sergio Salguero galiziarra izan zuen lagun eta hari esker, podiumeko gorenera iritsi zela onartu du Goenagak. "Asko lagundu zidan, kristorena, taularekin, uretara joaten, txapelketan eta horregatik irabazi genuen".
Ez da lehiaketa garaia amaitu, ordea. Espainiako kopa zein txapelketa, Munduko txapelketa eta nazioarteko beste proba batzuk ere jokatuko dituela aurreratu digu Ostadar inklusio taldeko kideak.