Herriko komertzioetan erosteagatik 1.000 euroko sari bat eskura dezakete herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 10a

Urteko kanpaina arrakastatsuenetako bat eramaten ari da Aterpea merkatarien elkartea egunotan: Eskuratu 1.000 euro. Egitasmoaren xedea herriko komertzioetan erosteko ohitura eratu eta establezimendu horiek indartzea da eta honetan datza: ekimenarekin bat egin duten dendetan hilaren 16a baino lehen erosten duten herritarrak 100 euroko hamar bonu irabazteko zozketan sartuko dira. Irabazleak hilaren 27an gastatu beharko du diru hori, 17:00etatik 20:00etara.

Kanpaina martxan jarri dutenek zehaztu moduan, irabazleak ezingo ditu hamar bonu baino gehiago erabili establezimendu bakar batean. Herriko dendetan egin beharreko ibilbidea azkarrago eta erosoako gauza dezan, Aterpeak auto bat jarriko du bezeroaren eskura. Udaleko Sozioekonomia departamentuko buru Nuria Fernandezek azpimarratu du egitasmoa "oso baliagarria" dela Lasarte-Oriako komertzio txikiak bultzatzeko. Halaber, udalaren helburu nagusietako bat hori dela gogoratu du.