Antolatzaileek aditzera eman dutenez, 30 bikote inguruk parte hartuko dute txapelketan, lau kategoriatan. Lasarte-Oriako partaideak ez ezik, Bartzelona, Madril, Valladolid eta beste hainbat tokitakoak ere ariko dira. Azaldu dutenez, Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasuna (EKM) izeneko diziplinaren helburu bakarra ez da animaliak jabeari men egitea, baizik eta bien arteko lotura sendotzea, ariketak ahalik eta ongien gauzatu eta motibazioa sustatzeko.
Edozein txakur eta jabek parte har dezake, eta burutuko dituzten ariketak praktikoak izango dira, egunerokoak. Jarduera ugari egiten dituztenez, bientzat "dibertigarria" dela azpimarratu dute Xuhakanekoek, "edonork egiteko modukoa". Hori horrela izanik, herritarrak animatu dituzte biharko txapelketa ikustera joatera.