Intzako pilotariek neurketa gogorrak izan dituzte Zikuñaga papelerako lehen hitzorduan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 5a

Peru Urdanpilletak eta Haritza Diaz de Gereñuk (eskuineko bikotea) Zikuñaga Papelerako lehen neurketa irabazi dute.  Arg.: Rufino Rekalde

Intzako Peru Urdanpilleta, Haritza Diaz de Gereñu eta Jon Pello Artetxe pilotariak bikotekako Zikuñaga Papelera txapelketa jokatzen ari dira. Urdanpilleta eta Diaz de Gereñu jubenil mailan lehiatuko dira bikote modura; Artetxek, aldiz, Oiarpeko Ugalderekin osatu du bikoa. Lehen jardunaldia jokatu dute eta zorte ezberdina izan dute. Jubenil bikotea Getariako Salbatore torneoa ere ari da lehiatzen

Uztailaren 1ean hasi zen Zikuñaga Papelera txapelketa Hernanin. Aurten 96 pilotarik parte hartuko dute; 48 bikoteak kadete, jubenil eta senior mailetan banatuko dira. Horien artean daude Intza KEko Peru Urdanpilleta, Haritza Diaz de Gereñu eta Jon Pello Artetxe pilotariak.

Lasarte-Oria kirol elkarteko kideek astelehenean, uztailaren 3an, izan zuten lehen norgehiagoka.

Gazte mailan, Urdanpilletak eta Diaz de Gereñuk  Gaztelekuko Gaztañaga eta Berozen aurka partida borrokatua jokatu zuten. Azken tantora arte ez zen garailea erabaki eta zortea lasarteoriatarren aldeko izan zen.

Artetxek eta bere bikote Ugaldek ere partida gogorra izan zuten. Hernaniko Urkizu eta Intxurreko Irazustabarrena izan zituzten aurrez aurre eta 18-15 gailendu ziren aurkariak. 

Jon Pello Artetxe eta Oiarpeko Ugalde (eskuineko lehen biak) eta aurkariak neurketa hasi baino lehen. Arg.: Rufino Rekalde.

Salbatore txapelketa

Jubenilek, gainera, uztailaren 8an Salbatore torneoko bigarren jardunaldia izango dute, Getarian. Maiatzan hasi zen lehiaketa eta hil horretako 26an, lehen norgehiagoka 13-22 gainditu zuten Olaburuko Aldea eta Rementeriaren aurka.