Okendo Zinema Taldearen udako zikloaren emanaldi batek irekiko du hilabete honetako agenda: West Side Story pelikula proiektatuko dute bihar, 22:00etan, Okendo plazan. Hilabeteko bigarren emanaldia 20an egingo dute, ostegunez baita ere, toki eta ordu berean. Ihitten elkarteak berriki estreinatu duen Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala ikusi ahalko dute bertaratzen direnek. Bi emanaldiak doakoak izango dira.
Kale ikuskizunak izango dira programazioaren bizkarrezurra. Eidabe konpainiak egingo du aurrenekoa, etzi, 19:00etan, Okendon. Gora bihotzak antzezlanaren emanaldia aurrera eramango du. Astebete geroago, Hortzmuga Teatroa-k Agurea, urpekaria eta itsasoa lana ekarriko du herrira, toki eta ordu berean. 21ean, toki eta ordu berean, Jon Zabal magoak Nexo ikuskizunaren emanaldia egingo du. Aipatu hiru hitzordu horiek Kale Antzerkia Bultzatuz izeneko zikloaren barrukoak dira. Udalak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Doakoak dira guztiak.
Bestalde, XIX. Dantza Zirkuitua aurrera eramango du udalak, hilaren 28an Ertza taldearen Otempodiz ikuskizuna ekarrita. Okendon ariko dira dantzariak, 19:00etatik aurrera. Emanaldi hori ere doakoa izango da.
Santa Ana eguna
Urtero bezala, udalak jarduera pare bat aurrera eramango ditu hilaren 26ko Santa Ana egunaren harira. Lehenengoa, azoka, 23an, igandez, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Okendo plazan eta atzeko arkupeen inguruan jarriko dituzte postuak artisauek.
Horrez gain, Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean, Santa Ana parodia egingo dute, Okendon bertan, 20:30etik aurrera.