ESKUALDEA

Gaur goizean Zubietako erraustegian sute bat izan dela salatu du GuraSOS elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 4a

Gaur goizeko suteak eragindako kea. Argazkia: GuraSOS elkartea.

GuraSOS elkarteak ohar bidez jakinarazi du sute bat piztu dela gaur goizean Zubietako erraustegian. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren arabera, sute txiki bat izan da, 07:45ean piztu eta 10:00etarako kontrolatua zutena, bolumen handiko hondakinen hobian, eta mankomunitateren batek bota duela bertara material sukorra. Horren aurrean, bi puntualizazio egin ditu eragileak: ez dela zilegi hondakinen kontrola GHKren ardura denean "errua besteei botatzea", eta ez dela lehen sutea, baizik eta laugarrena, "gutxienez".  

Horri lotuta, GuraSOSek azaldu du bolumen handiko hondakinen hobietara zabor industriala eta "arrisku gehien duten" bestelako materiala botatzen dutela. "Bi ordu baino gehiagoz erre dira hondakinak eta kutsadura handiko ke lodia sortu dute; GHK-k ezin du esan horrez aparte kalterik ez dela izan, kea bera denean kaltea. Biztanleen osasun eta segurtasunean eragitea ez al da kalte nahikoa?". 

Bidenabar, eragileak GHKri eskatu dio azaltzeko zein den erre den material zehatza eta horrek zeintzuk sustantzia "arriskutsu" isuri dituen. Horren harira, galdera hau egin dio kontsortzioari: "Zergatik ez dute inguruko biztanleria abisatu eta 112 larrialdi zenbakira deitu?".